Urrian kaleratuko dute, PC-rako esklusiboki. Hiru fakzio handiren artean aukeratuko dugu gure kanpaina aurrera eramateko.
Total War saga beteranoaren hurrengo atala aurkeztu dute The Creative Assemblyk zein Sega-k: Pharaoh azpitituluarekin, antzinako Egiptora eramango gaitu oraingoan.
Zehazki, Egipto berriko inperioan bizitako aro nahasian murgilduko gara. Bertan hiru kultura desberdin ikusiko ditugu: Egipto, Kanaan zein Hitita inperioa.
Horiek izango dira kontrolatuko ditugun fakzio nagusiak, baina bakoitzak buruzagi desberdinak edukiko ditu; guztira, zortzi liderren artean aukera dezakegu jokoan, bakoitza berezko ezaugarriekin.
Garatzaileek azpimarratu dutenez, ez dira bi kanpaina berdin egongo. Hori lortzeko gudu dinamikoen sistema eraberritua prestatu dute: fakzioen abiapuntuak, baliabideak zein bestelako elementuak aldatu egingo dira kanpainatik kanpainara. Partida hasterakoan nahi bezala doitzeko ezaugarrien aukera zabala edukiko dugula jakitera eman dute Creative Assemblykoek.
Oraingoan, gainera, hondamendi naturalen eraginean sakondu gura izan dute britainiarrek. Suteak, ekaitzak zein harea ekaitzak aurki ditzakegu borroketan, ausazkotasuna zein zirrara areagotuz. Helburua, hori bai, berbera izango da beti: Egipto bere osotasunean konkistatzea.
Plataformei dagokienez, Total Warren betiko ibilbidea jarraituko du Pharaohk; hau da, ordenagailuetarako esklusiboa izango da abentura berria.
Argitaratze data ere ezagutu dugu, oraindik egun zehatza jartzea falta den arren: urrian kaleratzeko asmoa agertu dute Segako arduradunek. Dagoeneko Steam plataforman erreserbatu daiteke.
Iruzkinak