Estrategia jokoa maiatzaren 1era arte ordaindu gabe eskuratu ahalko da.
Erdi Aro japoniarraren eta estrategia jokoen zaleei konfinamendua modu erakargarriago batean igarotzeko aukera eman die Sega enpresa japoniarrak. Jokalariek Creative Assembly garatzaileak 2011. urtean argitaratutako Total War: Shogun 2 arrakastatsua doan eskuratu ahal dute PCrako.
"Guztioi etxean geratzera eta bizitzak salbatzera animatu nahi zaituztegu opari honen bidez, egoera gogor hau modu errazagoan igarotzeko asmoz". Estrategia jokoa maiatzaren 1era arte doan jaso eta betirako gordetzeko aukera zabaldu dute.
Japonia konkistatzeko bideari ekin eta Shogun bihurtu nahi dutenek bideojokoaren Steameko orrialdera jo behar dute. Helburu hori lortzeko ehundaka soldaduz osatutako armaden arteko guduetan parte hartu beharko da, baina aldi berean konkiskatutako lurraldeak era egokian gestionatzea eta beste klan japoniarrekin harremanak lantzea ezinbestekoa izango da.
Sagaren merkealdia
Shogun 2 oparitzeaz gain Total War sagako bideojokoen eta horien DLCen merkealdia egingo dutela iragarri dute Segakoek. Total War: Three Kingdoms, Rome: Total War eta Total War: Warhammer bideojokoak beherapenetatik kanpo geratu dira, baina gainerako obrak merkealdian daude.
Iruzkinak