Aurten estreinatuko da. Kaosaren erreinura eramango ditu jokalariak estrategia jokoen trilogiaren azken atalak.
Creative Assembly eta Games Workshopek hainbat egun eman dituzte bideo-joko berri bati buruzko berritasunak zabaltzen sareetan. Azkenean, Total War: Warhammerren hirugarren atala iragarri dute ofizialki trailer zinematiko baten bidez.
“Total War: Warhammer trilogiaren amaiera kataklismikoa” izango dena PCan argitaratuko da Steam eta Epic Games Store saltoki digitalen bitartez. Arduradunek jakitera eman dutenez, aurten kaleratzea aurreikusten dute.
Kaosaren erreinua osatzen duen dimentsiora bidaiatuko dute jokalariek oraingoan. Hainbat fakzio berri ikusiko dituzte hirugarren atalean: Kisleveko gerlariez eta Grand Cathayko inperioaz gain kaoseko fakzioa osatzen duten Khorne, Nurgle, Slaanesh eta Tzeentch jainkoak azalduko dira. Hori horrela, “mundua kataklismoan erortzeko azken bultzada behar dela” adierazten dute sortzaileek.
Estrategia saga osatzen duten hiru jokoen mapak bateratuko dituztela baieztatu dute. Horretan jokatzeko hiru abenturak erosita eduki beharko dituzte jokalariek, eta doako DLC batekin batuko dituzte guztiak. Mapa erraldoi horri buruzko xehetasunak laster eskainiko dituztela agindu dute arduradunek.
Total War: Warhammer 3 2021ean kaleratuko dute.
Iruzkinak