Ahalik eta jokorik onena prestatzeko asmoarekin hartu dute berandutzeko erabakia. Ez da estrategia jokoen trilogiaren azken atala izango arduradunen arabera.
Creative Assembly Total War estrategia jokoen frankiziaren arduradunak bere hurrengo lana geroratzeko erabakia hartu dutela iragarri du sare sozialen bidez. Total War: Warhammer III datorren urte hasieran argitaratuko dute azkenik.
2021 hasieran iragartzerakoan urte bukaerarako prest edukitzeko asmoa agertu zuten garatzaileek. Hala ere, presaka ibiltzea ekiditeko helburuarekin atzeratu dute Warhammer frankizian oinarritutako estrategia jokoaren azken atala. “Badakigu etsigarria dela, baina denbora gehigarri honekin aurten presaka argitaratuz gero lortuko genuena baino askoz gehiago lortzea posible dugula suposatzen du”, adierazi dute Creative Assemblykoek.
“Itxaronaldia ez da askoz luzeagoa izango, eta bitartean informazio gehiago ezagutzera emateko aukera dugu. Argitaratze data berriak argitalpen sendoagoa eta hobea ahalbidetuko du Total War: Warhammerren aro berri baten hasierarako”.
PC-rako estrategia jokoen hirugarren atala azkena izango den arren, sortzaileek ez dute jokoaren argitaratzearekin batera frankiziarekin bukatzeko asmorik. Hainbat urtez eduki gehigarriekin batera jokoa handitzen joateko asmoa agertu dute; aurreko bi atalekin antzeran jokatu zuten, baina oraingoan beste pauso bat emango dutela dirudi. Modu horretara “Games Workshop-en fantasiazko unibertsoaren eskala Total Warrera eramanez jarraituko dute”.
Hirugarren jokoaren berritasunen artean kaosaren fakzioa osatzen duten Khorne, Nurgle, Slaanesh eta Tzeentch jainkoak, Kisleveko gerlariak eta Grand Cathayko inperioa egongo diren. Azken honen aurkezpena gaur bertan egingo dute.
Gogoratu beharra dago azken joko honen mapa aurreko bi atalenera gehitzeko aukera egongo dela, modu horretara jokatzeko mapa erraldoia osatuta.
Total War: Warhammer III 2022ko lehen hilabeteetan kaleratuko da PCan Steam zein Epic Games Store saltoki digitalen bitartez.
Iruzkinak