Square Enix-en RPG eta estrategia bideojoko interesgarria Nintendo Switch-eko esklusiboa izan da.
Triangle Strategy kontsoletatik harago joango dela iragarri dute Square Enixekoek. Zehazki, ordenagailuetara iritsiko da: Steam saltoki digitalean merkaturatuko dute urriaren 13an.
Octopath Traveller-en 2D-HD estetika hartzen duen estrategia eta RPG abentura da; horrela, bi dimentsioko sprite-ak eta hiru dimentsioko inguruneak biltzen ditu obra itxurosoa eratzeko.
Jokagarritasun aldetik, Final Fantasy Tactics bezalako jokoen oinarriak hartzen ditu: ikuspegi isometrikoarekin armada desberdinei aurre egin beharko diegu gure protagonistekin. Hauek maila eta abilezia propioak edukiko dituzte, nola ez; guzti horiek hobetzen joango gara batailetan parte hartu ahala. Guztira, 30 bat pertsonaia batuko dira gure armadara abenturan zehar.
Istorio sakona eta aberatsa agintzen dute garaitzaileek. Hiru erresumaren arteko borroka izango da ardatza, eta guk hartutako erabakiek ondorio desberdinak eragingo dituzte narratiban.
Square Enixen jokoa Switch kontsolan estreinatu zen pasa den martxoan, prentsaren zein jokalarien aldetik balorazio nahiko positiboak lortuta.
Urriaren 13an jokatu ahalko da Triangle Strategyn PCan.
Iruzkinak