Andrew Shouldice garatzaileak zazpi urteko lana bukatu berri du: Xbox kontsoletan eta PC-an estreinatu da jada.
Abenturak, esplorazioa eta akzioa batzen dituen Tunic zoragarria kaleratu da azkenik. The Legend of Zelda klasikoetan zein Dark Souls-etan oinarritzen den titulua argitalpen bideoarekin iritsi da bere proposamena ezagutzera emateko.
Galdutako kondairez, antzinako boterez eta pizti zitalez betetako mundua zeharkatuko dugu azeri abenturazale baten rola hartuta. Istorioen arabera sekulako altxorra dago ezkutatuta lur horietan. Jakin mina izango da gure protagonistaren arma bakarra jokoa hasterakoan, baina era guztietako tresnak eta ahalmenak biltzen joango gara aurrera egin ahala.
Oztopo latzekin topo egingo dugu, ordea. Estetika koloretsu eta ederra daukan arren, borroka zailak izango dira Tunicen biziko ditugunak. Erasoak saihestea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko, eta gure mugimenduak zeintzuk izango diren pentsatzen aritu beharko gara.
Andrew Shouldice garatzailea Finji banatzailearekin batu da bideojoko hau sortzeko. Zazpi urteko proiektu luzea izan da, baina azkenik bukatuta dago. Tunici tartetxo bat eskaini genion iazko udazkeneko Steam Next Fest ekimenean jokatutako obren artean.
Tunic Xbox Series eta One kontsoletan nahiz PCan kaleratu da; plataforma guztietan Xbox Game Pass harpidetza bidez jokatzeko aukera dago gainera.
Iruzkinak