Amazon-en plataformako zuzeneko emanaldiak kontsola hibridotik ikus daitezke azkenik. Ezin daiteke, baina, zuzenekorik hasi kontsolatik.

Kontsolak gailu multimediak izatera igaro dira azken urteetan: PlayStation 3 edota Xbox 360 kontsolek Internetetik nabigatzeko aukera eskaintzeaz gain, askotariko aplikazioak biltzen zituzten streaming bidez ikus-entzunezkoak kontsumitu, musika entzuteko eta bestelakoetarako. Joera hori areagotzen joan da belaunaldi berriekin; halere, Nintendokoei kosta egiten zaie halako ezaugarriak gehitzea beren kontsoletan. Hori horrela, kostata, baina azkenik iritsi da Twitch Switchera.

“Bideoen erreprodukzioa kontsolan ez da inoiz Kiotokoen lehentasuna izan”, baina joera berrienetara moldatzeko ahaleginak egin dituzte: eShop saltoki bidez jaitsi eta instalatu daiteke Amazonen zuzeneko emanaldien plataforma kontsola hibridoan. “Ikus itzazu jokoak, eKirolak eta zuzeneko edozein emisio zure Nintendo Switchean!”, azaltzen dute web orrian N Handikoek.

Aplikazioa zuzenekoak kontsumitzeko baino ezingo da erabili; hortaz, ezinezkoa da kontsolatik norbere emisioak hastea. Dena den, jokalariek aspalditik nabari duten hutsune hori betetzera dator Twitch: orain urte batzuk Reggie Fils-Aime Nintendo Amerika-ko presidente ohiak antzeko zerbitzu gehiago agindu zituen kontsolarako. Halere, Youtube, Netflix zein antzeko plataformak ez dira heldu oraindik.

 

Ezagutu ezazu twitzlarien komunitatea

Euskal bideojokozaleen komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin eta Nebukai eta Arkkuso eduki sortzaileekin elkarlanean, baita Naiz Irratiaren babesarekin, 3000Twitz kolektiboa abian jarri zuen 2020an. Helburu nagusia Twitch plataforman euskara hizkuntz ofiziala bihurtzea da, horretarako sinadura bilketa —dagoeneko 4.460 bozka bilduta— eta bestelako ekintzak antolatuta.

Gaur egun Twitchen euskaraz zuzeneko emisioak egiten dituen taldea inoiz baino aktiboago dago: horien zerrenda bilduta dugu Game Erauntsian: bideojokozaleen komunitateko Telegram taldean zein 3000Twitzen Twitter-eko kontuan zuzenekoen berri ematen da Interneteko sortzaile euskaldunak ikusarazteko eta aldi berean ingurune digitalean euskaraz bizitzea posible dela erakusteko. Egindako lanagatik, 3000Twitz kolektiboa 2021eko Rikardo Arregi komunikazio sarirako zortzi finalisten artean dago.