Jokagarritasunaren xehetasunak eman zituen atzoko Ubisoft Forward aurkezpenean. PC-an, PS5 eta Xbox Series kontsoletan zein Stadia eta Luna zerbitzuetan estreinatuko da.
Skull and Bones pirata abentura jokoaren argitaratze data zehaztu dute azkenik Ubisofteko arduradunek: Azaroaren 8an merkaturatuko dute hainbat plataformentzako bertsioen bidez.
Iragarpena agindutako Ubisoft Forward aurkezpenaren bidez egin zuten atzo arratsaldean. Argitaratze data zehaztearekin batera tituluaren mekanikak ezagutzera emateko bideo sakonak zabaldu zituzten, baita trailer zinematikoa ere.
Piraten aroan girotutako lana izanik, bertan ikusiko ditugunak aurreikustekoak direla esan dezakegu. Ontzi bateko kapitaina izango gara, eta, nola ez, itsasoko dueluetan parte hartuko dugu. Halere, hori baino askoz gehiago egiten ibiliko garela erakutsi dute Ubisoft Singapurrekoek: bidaialdi bakoitzaren aurretik gure ontzia hornitzea ezinbestekoa izango da aurkituko ditugun arriskuei aurre egiteko.
Batzuetan, arriskua ontzian bertan aurkituko dugu: gure tripulazioa pozik mantentzen ez badugu, hauek mutinatzeko aukera egongo da. Ehizan, arrantzan eta era guztietako baliabideak lortzen ere ibiliko gara; dena den, gurea piraten bizitza izanik, askotan beste ontzi batzuetan lapurreta egitera animatuko gara. Multijokalaria ere nabarmendu dute garatzaileek: bakarka jokatzea posible izango da, baina beste jokalari batzuek parteka dezakegu mundu irekia.
Mundu osoko ozeanoetan ibili ahalko gara, eta eguraldi baldintza desberdinekin moldatu beharko gara nabigatzerakoan: ekaitz zitalenetan ikusiko ditugun olatu erraldoiek gure ontzia suntsi dezakete.
Gure ospea areagotzen doala, izen beltzaren maila igoko da —arduradunek Infamy deitzen diote sistema honi—; laburbiltzeko, RPG jokoetan pertsonaiaren maila igotzearen antzeko mekanika da. Mailaz igonda geroz eta erronka zailagoak ikusiko ditugu. Pertsonaia zein ontzia hobetuko ditugu lortutako altxorrekin: armak, itxura eta askoz gehiago aldatuko ditugu.
2017ko E3 azokan iragarri zen lehenengoz Skull and Bones: 2019rako aurreikusia, hainbat arazo izan ditu bere garapenean. Aldaketa sakonak egin ondoren, jokoa ia-ia berregin dutela esan daiteke.
Plataformei dagokienez, PCan —Epic Games Store bidez— zein egungo belaunaldiko PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da bideojokoa. Hodei bidezko zerbitzuetan ere ikusiko dugu; zehazki, Google Stadia eta Amazon Luna zerbitzuetako harpidedunek jasoko dute. Esan bezala, azaroaren 8an kaleratuko da Skull and Bones plataforma horietan.
Iruzkinak