Jokatzeko erabilitako gailua edozein dela ere “jokalariak harremanetan egoteko eta jokoak erabiltzeko ingurugiro aproposena” eratzea bilatu du enpresa frantsesak.
Ubisoften Uplay bideojokoen plataforma eta bazkideen Ubisoft Club zerbitzua desagertu egin dira. Bi horiek Ubisoft Connect zerbitzuan bildu dituzte.
Connectek aurreko bi aplikazioetan edukitako berbera eta gehiago eskainiko dituela diote Ubisoftekoek. Uplayen kasuan, liburutegian gordetako joko guztiak mantentzen jarraituko dute jokalariek; zerbitzu berria eguneraketa bezala iritsi da.
Plataformen arteko jokoa eta gordetako partidak ahalbidetu ditu Ubisoft Connectek. Watch Dogs Legion da ezaugarri hau ahalbidetu duen lehen bideojokoa; etorkizunean Hyper Scape, Assassin’s Creed Valhalla, Immortals: Fenyx Rising eta Riders Republic bideojokoetarako gehituko dute. Frantziarren asmoa jokalari anitzentzako jokoetan ezartzea izango da.
Erabilitako plataforma edozein dela ere egindako aurrerapenak erabiltzaile kontu berberean partekatzeko aukera dago orain, baita beste plataformetako jokalariekin jokatzea ere.
Ubisoft Clubeko erronka eta sarien kasuan, joko zaharretako askok ez dute funtzionatuko zerbitzu berrian. Hala ere, lortzeko zeuden sari guztiak desblokeatu egin dituztela nabarmendu dute arduradunek.
Hori horrela, Ubisoften helburua “jokalariak harremanetan egoteko eta jokoak erabiltzeko ingurugiro aproposena” eratzea izan da Connect sortzerakoan. Jokatzerakoan erabilitako plataforma edo gailua kontuan hartu gabe aukera berberak eskainiko dizkiete erabiltzaileei.
Ubisoft Connect PC, kontsola, gailu mugikor eta streaming zerbitzuetan estreinatu da.
Iruzkinak