Soldata baxuak, frustrazioa zuzendaritza taldearekin eta abusu zein jazarpen kasuak aipatu dituzte langileek.

Axios agerkariak argitaratutako artikuluak azaltzen duenez, Ubisoft enpresako dozenaka garatzaile enpresatik alde egiten dabiltza. Aurrekaririk gabeko “exodo” honek Montrealgo eta Torontoko estudioei eragin die batez ere: 60 bat langilek utzi dute azken hemezortzi hilabeteetan.

Garatzaile hauetako asko, gainera, profil altukoak dira; Far Cry 6-n lan egin duten bost garatzaile garrantzitsu nahiz Assassin’s Creed Valhalla-ko hamabi sortzaile aipatzen ditu testuak. Hori dela eta, frankizia horietan lan egiten jarraitzen dutenek lan kargan eragina nabaritzen hasi direla azpimarratzen dute Axiosek.

Langileek alde egitea erabakitzeko arrazoiak askotarikoak direla dirudi. Lehenik eta behin, soldata baxuak nabarmentzen dira artikuluan; zuzendaritza taldearekin langile askok jasandako frustazioa aipatzen da baita: NFT eta blockchain teknologiak inplementatu nahi dituzte enpresako arduradunek etorkizuneko jokoetan, eta horren aurka agertu dira hainbat garatzaile; enpresaren baitan lan egiteko aukera interesgarrien falta salatzen dute langileek; azkenik, arrazoi esanguratsuena Ubisoften emandako abusu eta jazarpen kasuak dira.

“Uneoro aurrera egin eta etorkizunera begiratu beharra nabarmendu nahian dabiltza langileen kexekin, kezkekin eta arazoekin ez ikusiarena egiten duten bitartean”, aldarrikatzen du langile batek testuan.

Atxikipena hobetzeko asmoarekin, estudio kanadarretako langileen soldatak hobetu dituzte Ubisoftekoek. Helburua bete dutela dirudi, atxikipen tasa % 50 hobetu baita; hala ere, beste kokaleku batzuetako estudioen haserrea eragin du honek, soldata baxuagoekin jarraitzen baitute.

Enpresara behargin berriak erakartzeko arazoak dituzte, gainera: aurreko bi urteekin alderatuta, kontratazio tasa % 50 jaitsi da.

NFTei dagokienez, Ubisoftekoak mundu honetan erdipurdika sartu dira. Ghost Recon Breakpoint-erako objektu bereziak iragarri zituen Ubisoft Quartz zerbitzuarekin. Hauen lehenengo aleak doan banatzen hasi ziren: baldintza batzuk betetzen zituzten jokalariei oparitzen zizkieten, gero hauek Ubisoftek baimendutako saltokietatik berriz saltzeko aukera eskainita.

Salerosketa urriak ikusten dabiltza Ubisoftekoak: Rarible eta Objkt webguneetan NFT hauetako gutxi batzuk baino ez dira saldu. Dena den, Yves Guillemont presidenteak argi dauka: NFTak hasiera baino ez dira, langileak honen aurka agertu diren arren.