Assassin’s Creed, Far Cry edo Rainbow Six frankiziak zein euren garatzaileak hartuko ditu talde berriak.

Ubisoft enpresak talde subsidiario berriaren sorkuntza aditzera eman du prentsa oharraren bidez. Tencent konglomeratu txinatarrarekin batera eratu dute frantsesek, beren IP edo frankizia handienak eramateko asmoarekin.

Hori horrela, Assassin’s Creed, Far Cry eta Tom Clancy’s Rainbow Six oraindik izenik gabeko azpitalde berri honen esku geratuko dira. Lizentziekin batera, noski, frankizion bideojokoak sortzeaz eta garatzeaz arduratzen diren taldeak ere hartuko ditu Ubisoften eta Tencenten enpresa berriak: Ubisoft Montreal, Quebec, Sheerbrooke, Saguenay, Barcelona eta Sofia kudeatuko ditu.

4.000 milioi euroko inbertsioa egin dute azpienpresa sortzeko helburuarekin. Tencentek % 25 jarri du; hau da, 1.160 milioi euro eskaini dizkio Guillemot familiari. Azpitaldeak Ubisofti royaltyak ordainduta aipatutako frankizien berezko eskubide iraunkorrak eskuratuko ditu nazioarte mailan.

 

Aldaketekin, baina estu eta larri

Yves Guillemot Ubisoften zuzendari nagusiak enpresarentzako “atal berria” hasi dutela adierazi du. Aldaketarekin “bizkorragoak eta anbizio handiagokoak” izango direla dio.

Hala eta guztiz ere, askok ez dute ontzat hartu. Ubisoft arazo larriekin dabil aspalditik, eta, azken Assassin’s Creed Shadows ondo funtzionatuz hasi bada ere, enpresa erortzekotan dagoela aldarrikatzen zuten hainbat analistek. Kaleratzeak ere ikusi ditugu azken hilabete luzeetan: talde desberdinetatik 500 bat langile kanporatu dituzte.

Mugimendu honekin Guillemot anaiek euren frankiziarik arrakastatsuenak lotuta utzi, eta gainerako akziodunengandik zein inbestitzaleengadik aldentzea bilatzen dutela pentsa daiteke.

Oraindik galdera eta zalantza asko ditugu Ubisoften azpitaldearen inguruan. Adi ibili beharko gara ondorioak ezagutzeko.