Frantsesak genero guztietako abentura handiak zein txikiak prestatzen dabiltza Ubisoften hurrengo belaunaldirako.

2023ko Ubisoft Forward aurkezpena burutu du enpresa frantsesak. Barne estudioak garatzen dabiltzan hamaika bideojoko erakutsi dituzte bertan: besteak beste, Massive Entertainment prestatzen ari den Star Wars Outlaws erraldoia, estudio beraren Avatar: Frontiers of Pandora ikaragarria, Bordeleko zein Montrealgo taldeen Assassin’s Creed Mirage itxurosoa edo Ivory Tower garatzailearen lasterketa jokoa, The Crew Motorfest, aurkeztu dituzte.

Horiez gain, bestelako abentura txikiak ere ezagutzera emateko aprobetxatu dute. Adibidez, Summer Game Fest zuzenekoan iragarritako Prince of Persia: The Lost Crown sakontasunean erakutsi dute; Skull & Bones amaiezina berriz ikusi dugu; mugikorretarako jokoak ere egon dira, Tom Clancy’s The Division Resurgence-n kasua.

Horrelako zerrenda nabarmenarekin, ez dago zalantzarik: azken urteetan Ubisoftekoek egindako ekimenik interesgarrienaren aurrean gaude.

 

Star Wars Outlaws

Xbox Game Showcase-an iragarritako Star Wars Outlaws interesgarriaren lehen jokagarritasun bideoa ikusi dugu Ubisoftenean. Mundu irekia, denetariko misioak, hauek gainditzeko askatasuna, tiroketak eta ibilgailuak zein espazio ontziak ikusiko ditugu. Han Solo-ren estiloko emakumezko sari ehiztaria izango da protagonista: Nix animaliatxoarekin galaxian zehar ibiliko da.

Atal grafiko ikusgarriarekin, ziurrenik orain arteko Star Wars abenturarik handiena sortzen dabiltza Massiveko garatzaileak. Izan ere, ez gara esploratzeko planeta bakarrean geratuko: espazio ontziarekin hainbat mundu bisitatuko ditugu. 2024an estreinatuko da PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan.

 

Avatar: Frontiers of Pandora

James Cameron zinemagileak eraikitako mundu estralurtarraren lehen bideojoko handia ere ezagutu dugu azkenik. Avatar: Frontiers of Pandora Far Cry estiloko lehen pertsonako mundu irekiko jokoa izango da. Na’vi izakien rola beteko dugu, hauen indarraz eta ahalmenez baliatuta; gauza bera armategiarekin, baina gizakien tresnak ere eskura izango ditugu.

Trailer zinematikoa zein jokagarritasun bideoa prestatu dituzte Massivekoek. Star Warsekin gertatu modura, sekulako atal teknikoa dauka Avatarren tituluak. Ez dugu bere argitalpen datarik ezagutzen; PS5, Xbox Series eta PC plataformetan jokatuko dugu, hori bai.

 

Assassin’s Creed Mirage

Erroetara itzuli nahi dute Assassin’s Creed saga beteranoaren atal berriarekin, eta horixe bera erakutsi zuten Mirage desiratuan. Basim asasinoa kontrolatuta, Bagdadko kaleetan zein sabaietan zehar ibiliko gara jauzika, baina isilpean.

Jokagarritasun bideo luzea erakutsi dute prestatzen dabiltzala jakitera emateko. Egia esan, azkenaldiko AC itxurosoenaren aurrean gaude: lehen jokoa gogorarazten du, baina aldi berean atal berriagoetako elementurik dibertigarrienak ere bilduko dituela pentsa daiteke. Urriaren 12tik aurrera ekingo diogu Basimen abenturari PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PCan.

 

Prince of Persia: The Lost Crown

Prince of Persia Dread deitzen hasi dira asko Summer Game Festean ezagutu genuen The Lost Crowni; ez da harritzekoa, metroidvania estiloko abentura bizkorraren eta txukunaren aurrean baikaude. Plataforma klasikoak estiloz betetako borrokekin uztartuko ditu: modu batean, God of War klasikoak ere gogorarazi dizkigu.

Jokagarritasun bideoan jokatzerakoan aurkituko duguna laburtu dute garatzaileek. Kokaleku mordoa, etsai arruntak zein buruzagiak eta aurrera egin ahal izateko botereak nahiz ahalmenak ikusiko ditugu datorren urtarrilaren 18an. Plataforma nagusietan jokatuko dugu The Lost Crownen.

 

The Crew Motorfest

The Crew Ubisoftekoen Forza Horizon zela esan zitekeen lehen bi atalekin, baina orain antzekotasunak areagotu egin dira Motofestekin. Autoen festa izango da nagusi frantsesen lasterketa joko berrian.

Kirol auto berriak, buggy ibilgailuak, kotxe klasikoak zein lasterketa bolidoak elkartuta ageriko dira The Crew Motorfesten. Gameplay erakustaldian sasoi onean dagoela erakutsi du; zorionez, laster probatuko dugu, irailaren 14an kaleratuko baitute. PlayStation eta Xbox kontsolean ikusiko dugu, baita PCan ere.

 

Skull & Bones

Pirata jokoen zaleek denbora luzea daramate Skull & Bonesen zain. Laster helduko da jokatzeko unea, baina: abuztuan beta itxia abiatuko dute, eta printzipioz behin betiko jokoa aurten merkaturatzea aurreikusten dute Ubisoftekoek.

Horrekin batera piraten mundua zer nolakoa izango den erakusteko bideoa prestatu dute arduradunek. Ontziak, irlak, itsaso zabala eta aurkitzeko altxorrak izango dira nagusi Assassin’s Creed: Black Flag maitatuan ikusitako oinarrietatik abiatutako bideojoko honetan.

 

Tom Clancy’s The Division Resurgence

The Division ezaguneko tiroketak gailu mugikorretara igaroko dira datorren urtean. Tom Clancy’s The Division Resurgencek jokagarritasuna zein zinematikak biltzen dituen bideoa aurkeztu du: atal grafiko mugatuagoarekin, baina joko nagusietako oinarriak eta mekanikak mantenduz etorriko dela dirudi.

Jokatzeko itxaron egin beharko dugu, zoritxarrez: datorren urtean kaleratzeko asmoa agertu dute.

Aipatutako bideojokoez gain, beste zenbait titulu azaldu dira Ubisoft Forwardean. Just Dance frankiziak ezin zuen hutsik egin, ez XDefiant shooter multijokalariak ere. Eduki gehigarriak ere aurkeztu dituzte; zehazki, Roller Champions-ek Jet Set Radio-n girotutako DLC-a jasoko du, eta Riders Republic-ek skateboarding edukiak ikusiko ditu.

Ubisoft Forward osoa ikusi nahi baduzue, hemen duzue egindako zuzenekoa: