Prince of Persia jokoen berritasunak, Anno 117: Pax Romana eta Avatar: Frontiers of Pandora – The Sky Breaker erakutsi dituzte baita, beste zenbaiten artean.

Ubisoft Forward ekitaldiarekin bukatu dugu —oraingoz— 2024ko ekaineko aurkezpenekin. Mundu irekia ardatz duten bi izar nagusi eduki dituzte frantsesek euren ekimenean. Alde batetik, Star Wars Outlaws; bestetik, Assassin’s Creed Shadows.

Hala ere, ez dira erakusitako joko bakarrak izan: Prince of Persiaren 35. urteurrena ospatzeko hainbat eduki aurkeztu dituzte, baita dagoeneko kaleratutako jokoen berritasunak ere.

 

Star Wars Outlaws

Laster iritsiko zaigu Izarretako Gerran oinarritutako abentura berria, Outlaws, eta bertan egingo ditugunak ezagutzera emateko aprobetxatu du Massive Entertainment estudioak. Kay Vess bidelapurraren rola jokatuko dugu oraingoan, ahaztu jedi zaldunez beraz: borrokak, espazio ontzietako bidaiak eta hartu beharreko erabakiak bizita.

Hamar minutuko jokagarritasuna daukagu, trailer bereziarekin batera, ez galdu beraz. Abuztuaren 30ean estreinatuko dute Star Wars Outlaws PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan, baita PCan ere.

 

Assassin’s Creed Shadows

Xbox Games Showcase aurkezpenean lehen jokagarritasun bideoa azaldu ondoren, Japoniako asasinoen mekanika berriak sakon aurkeztu zituzten Ubisoft Quebec taldekoek. Naoe ninjaren eta Yasuke samuraiaren abileziak eta berezitasunak ikus ditzakegu trailerrean, baita misioen egitura ere.

Gure helburuei buruz ikertzen ariko gara mundu irekiko erresuman; hori eginda, hauek akabatzeko bideak aurkitu beharko ditugu. Ikusgarria da gaztelu japoniarrean agertutako xehetasun kopurua. Azaroaren 15etik aurrera jokatuko dugu, berriz ere, PS5, Xbox Series eta PC plataformetan.

 

Prince of Persia: The Sands of Time

Iragarpen bitxia izan zen Prince of Persia maitatuenaren berregitearena. 2020. urtean iragarri, 2021ean berandutu, eta, azkenik, garapena Ubisoft Montreal-en eskuetan dagoela adierazi zuten…

Aurrerapen berria ikusi dugu aurtengo Forwardean, baina ez da ezer ageri: 2026an argitaratzeko asmoa baino ez dugu ezagutu.

 

Prince of Persia The Lost Crown: Mask of Darkness

Prince of Persia: The Lost Crown dugu azken urteetan printzeak jasotako abenturarik borobilena, eta hori hobetzen nahiz hedatzen jarraituko dute Ubisoft Montpellier-koek. Mask of Darkness eduki gehigarria aurkeztu ziguten, irailean iritsiko dela baieztatuz.

Ez hori bakarrik: Divine Trials doako eguneraketa kaleratu dute dagoeneko. Borrokak, itxurak eta bestelakoak gehitzen dizkio metroidvania ausartari.

 

The Rogue Prince of Persia

Maiatzean sarbide goiztiarrean estreinatutako Prince of Persia roguelike-aren Temple of Fire adabakia aurkeztu zuen Evil Empire estudioak. Bioma berria gehituko dio, baita etsaiak zein armak ere, beste hainbat hobekuntzen artean.

Aurkeztu… eta argitaratu. Dagoeneko PCan joka dezakegu.

 

Avatar: Frontiers of Pandora – The Sky Breaker

Avatar: Frontiers of Pandora ederraren kanpaina berria ikusi genuen Ubisoftenean. The Sky Breakerrek gune berria eskainiko digu mundu irekiaren mapa erraldoian, denetariko berritasunak gehituta.

Ohikoak, halere: armak, jantziak, erronkak eta etsaiak ikusiko ditugu uztailaren 16tik aurrera. Bide batez, PCko jokalarientzat: jatorrizko jokoa Steam plataformara iritsiko da ekainaren 17an —orain arte Ubisoft Connect eta Epic Games Store saltokietan zegoen—.

Anno 117: Pax Romana

Anno berria dator. Estrategia eta kudeaketa frankizia ezaguna Erromara begira jarriko da oraingoan, 117. urtera bidaiatuta. Ez dakigu askoz gehiago, zoritxarrez: hezur haragizko aktoreekin grabatutako bideoa erakutsi ziguten Ubisoftekoek.

2025ean kaleratuko omen dute, eta, PCra iristeaz gain, PS5 eta Xbox Series gailuetan ere jokatu ahalko dugu.

 

XDefiant, The Crew Motorfest, Skull and Bones eta For Honor tituluen eguneraketak

Bukatzeko, Ubisoftek merkatuan dituen hainbat bideojokoren eduki gehigarriak ikusi genituen. Doakoak batzuk, ordainpekoak besteak. Hemen bideoak: