Ubisoft Stockholm eta Massive Entertainment estudioetan kanporatzeak emango omen dira; Armature Studio, Sanzaru Games nahiz Twisted Pixel taldeak itxi ditu Metak.
Kaleratze berriak iritsi dira bideojokoen industriako talderik handienetara. Ubisoft eta Meta enpresek talde zein estudio desberdinetako langileen kanporatzeak iragarri dituzte.
Hasteko, Guillemot anaien enpresak Kanadan kokatutako Ubisoft Halifax taldea itxi, eta 71 langile kaleratu zituela ezagutu genuen pasa den astean. Gailu mugikorretarako bideojokoak sortzera bideratutako taldea zen. Atzean, polemika handiagoa eratu da; izan ere, abenduan sindikatua eratzeko erabakia hartu zuten Halifaxekoek.
Egunotan, baina, kanporatze gehiago burutuko omen dituzte Ubisoftekoek: Ubisoft Stockholm eta Massive Entertainment estudioetan 55 langile kaleratu dituztela jakinarazi du GamesIndustry agerkariak. Kazetariengana iritsi den enpresa barneko mezuan adierazten denez, kaleratzeek “ez dute zerikusirik lortutako emaitzekin”.
Horren ordez, “estudioen epe luzeko zuzendaritzak aldaketarik gabe” jarraitzen duela diote: Massivekoek The Division sagan ari dira lanean, hirugarren atala prestatuz zein egungo bigarren ataleko edukiak garatuz.
Ez dira kanporatze bakarrak, dirudienez. Game Developer webguneak argitaratutako artikuluan nabarmentzen denez, Ubisoft Abu Dhabi taldetik zenbait garatzaile kaleratu dituzte.
Meta enpresak, bestalde, Armature Studio, Sanzaru Games eta Twisted Pixel estudioak itxi ditutela aditzera eman du. Enpresaren errealitate birtualeko arloan lan egiten zebiltzan hiruretako langileak: Sanzaru 2020. urtean bereganatu zuen, eta, beste biak, 2022an.
Are gehiago, Batman: Arkham Shadow arrakastatsua garatzeaz arduratu zen Camouflaj estudioan ere kaleratzeak eman direla aldarrikatu dute Metako langile ohiek: "garatzaileen eskukada batek" baino ez du osatzen egungo taldea, eta proiektu guztiak alboratu dituzte, Arkham Shadowen jarraipena barne.
Okerrena, Bloomberg-en arabera, kaleratzeak hasi baino ez direla egin da. Mila langile baino gehiago kanporatzeko asmoa ei du Mark Zuckerberg-en multinazionalak; artikuluan azaltzen denez, Metakoak metabertsoa alboratzen hasiak dira, zelan ez, adimen artifizialera bideratzeko asmoarekin.
2026a hasi baino ez da egin, baina dagoeneko 850 bat sortzaile eta langile lanik gabe geratu dira bideojokoen industrian.
Azken urteotako joera errepikatuz
Ez da aipatutako bi enpresek langileen kaleratze masiboak iragartzen dituzten lehen aldia azken urteotan. Ubisofti begira jarrita, 1.500 pertsona inguru kaleratu zituen iaz, baina duela hiru urtetatik dabiltza kanporatzeekin. Metak, bestalde, 100 langile kanporatu zituen 2026an.
Industria osoan ikusten gabiltzan joera da, alegia: erreportaje berezi honetan sakon aipatu genituen egungo egoeraren gakoak.
Lander Unzueta
Iruzkinak