Ubisoft Leamington itxiko du, eta Ubisoft Dusseldorf, Ubisoft Stockholm zein Ubisoft Reflections estudioetan berregituraketak antolatuko dituzte.
Ubisoftek 185 langile kanporatzeko asmoak berretsi ditu. Europako lantalde desberdinetako kideek euren lanpostua galduko dute datorren asteotan.
Berregituraketa plangintza berriaren baitan hartutako erabakiak direla jakinarazi du enpresa frantsesak. Erresuma Batuko Ubisoft Leamington estudioak jaso du kolperik gogorrena: guztiz desagerraraziko da. Azken urteotan taldeak Ubiren joko handietan lagundu du; adibidez, Star Wars Outlaws, Skull and Bones edo Avatar: Frontiers of Pandora tituluen garapenean aritu da.
FreeStyleGames izenarekin jaio zen, Ubik bereganatu aurretik, 2002. urtean. Rare eta Codemasters estudioetako beteranoek osatutako taldeak DJ Hero bezalako jokoak garatu zituen.
Bestalde, “enpresaren epe luzerako egonkortasuna bermatzeko proiektuei lehentasuna emateko eta gastuak murrizteko” plangintzarekin Ubisoft Dusseldorf, Ubisoft Stockholm nahiz Ubisoft Reflections estudioetako lantaldeak berregituratuko dituzte frantsesek, hainbat garatzaile kaleratuz.
Ubi, estu eta larri
Azken hilabeteak gogorrak izan dira Ubisoftentzat. 280 langile inguru kaleratu zituzten orain aste batzuk, XDefiant tiro jokoaren porrotaren ondoren: Ubisoft San Francisco eta Ubisoft Osaka taldeak itxi zituzten, eta Ubisoft Sidney estudioa txikiagotu.
Hori horrela, Guillemot familia Ubisoft saltzeko aukerak aztertzen hasia da. Itxaropen bakarra geratzen zaie bitartean: dagoeneko birritan geroratutako Assassin’s Creed Shadows. Martxoaren 20an estreinatuko da azkenik: irakurri ditugun lehen aurrerapenak positiboak dira, eta publikoarentzat erakargarriagoa izateko hainbat aldaketa egin dituzte. Steam saltokian salduko da zuzenean, adibidez, eta denboraldikako eskaintzak alboratu dituzte.
Iruzkinak