E3ko ekitaldia ordezkatzera datorren aurkezpenean Assassin’s Creed: Valhalla eta beste hainbat bideojoko agertzea espero da.
Koronabirusaren eraginarengatik 2020. urteko Electronic Entertainment Expoa bertan behera geratu zenean Ubisoftek bere aldetik alternatiba bat eskainiko zuela iragarri zuen sareetatik. Alternatiba hori Ubisoft Forward deitzen da, eta uztailaren 12an egingo dute.
Ekitaldi digitalean ikusiko duguna zehaztu gabe, “bideojokoei buruzko albiste esklusiboak, iragarpenak eta gehiago” eskainiko dituztela azaldu du Ubisoftek.
Iazko E3an erakutsitako bideojokoetatik argitaratu duten bakarra Ghost Recon: Breakpoint izanik, gainerakoak Ubisoft Forward honetan berriz ikusiko ditugula pentsa daiteke. Horien artean daude Watch Dogs Legion, Gods & Monsters eta Rainbow Six Quarantine, esate baterako. Dagoeneko iragarritako joko gehiago ditu Ubik: Beyond Good and Evilen bigarren bideojokoa, edota Skull & Bones pirata jokoa.
Horiekin batera egongo da enpresa galiarraren saga arrakastatsueneko lan berria: Assassin’s Creed: Valhalla. Xbox Insidean gameplayrik erakutsi gabe gelditu ondoren, Ubisoften ekitaldi propioan aurkeztuko digute ziurrenik.
Iruzkinak