“Gizadia hil da. Odola gasolina da. Infernua bete da”. Game Erauntsian idatzi nuen lehen artikuluetako bat Ultrakilli zuzendutakoa izan zen. Aurrerapen testua prestatu nuen bere demoan hainbat orduz jokatu ondoren, guztiz maiteminduta. Hiru urteren ondoren, oraindik kaleratu gabe dago, baina sarbide goiztiarrak proposatuko duena modu sakonean bizitzeko aukera eskaintzen digu.

Boomer shooter tiro jokoen bigarren urrezko aroan barneratu garela esan daiteke. Geroz eta gehiago dira, batez ere indie garatzaileen eskutik, 90eko eta 2000ko hamarkadetako FPS abenturen sentipena, mekanikak eta atal estetikoa hartzen dituzten tituluak. Horixe bera da Ultrakillen kasua: PSXko bideojokoen distorsionatutako testurak, modelo itsusitxoak eta askorik landu gabeko efektuak erabiltzen ditu Arsi “Hakita” Patala sortzaileak bakarka garatutako bideojokoak, baina xarma berezia edukitzea lortuz.

Devil May Quake. Horrela aurkezten du bere egileak, eta termino ezin hobea da. Hondar estiloko gelak zeharkatzen ariko gara etsaien samaldei armategi zabalarekin aurre egiteko; dena dela, tiroketak ikusgarriak, odoltsuak eta estiloz betetakoak izango dira.

Infernua zeharkatu behar duen robot baten kontrola hartuko dugu. Hasiera batean ez zaigu helbururik ez testuingururik ematen; hala ere, hauen zertzeladaren bat edo beste azaltzen joango zaigu istorioan zehar, nahiz eta datuak oso urriak izan.

 

Mugikortasuna ardatz

Arma gabe emango ditugu lehen pausoak, ukabilkadak banatzen. Zorionez, laster batean aurkituko dugu gure lagunik minena: pistola. Bala arruntak jaurti ditzakegu, baita bigarren tiro alternatibo berezia erabili ere. Honekin laser izpi hilgarria erabiliko dugu karga denbora laburraren ostean: sekulako indarra izateaz gain, inguruko etsaiak jo ditzake. Era batean, mini BFG antzekoa.

Lehen gelak txikiak eta oinarrizkoak izango dira; aurrera egiteko bertako etsai guztiak akatu beharko ditugu, bestela ateak itxita egongo dira-eta. Oinarrizko pistolak ez du balio zirrara askorik eragiteko, baina robot protagonistaren mugikortasunarekin bateratzen badugu, joko bizkorraren eta dinamikoaren aurrean gaudela ikusiko dugu: irristaka, saltoka, bulkadaka eta hormetatik erreboteka ibiliko gara ziztu bizian.

Gune estuetan aparteko askatasuna dugula nabariko dugu hasiera batetik, eta, behin kontroletara ohituta, gozatzen ibiliko gara.

Sekulako sarraskiak burutuko ditugu infernuko munstroen artean.

Abentura hasterakoan gure tresna sorta nahiko mugatua den arren, laster berezitasunez eta abilezia bereziez ohartuko gara. Ukabilkada, adibidez, ez dugu soilik munstroei jotzeko erabiliko: hauek jaurtitzen dituzten energia bolak une aproposean joz gero, bueltan bidaliko dizkiegu, triskantza ikaragarriak eraginda.

Gauza bera gerta daiteke, gainera, esku artean dituztela pistolarekin tiro eginez gero. Airean gaudela makurtzeko botoia sakatuta lurrera jaurtiko gara, uhin hedakorra sortuz eta inguruko arerio mengelenak hegaz jaurtiz: bizkorrak bagara, babesik gabe daudela suntsi ditzakegu.

Ez da mugimendu sorta makala… baina askoz gehiago eskaintzen du Ultrakillek. Sarbide goiztiarrean Hakita fintzen ibili den zenbait arma eskuratuko ditugu: eskopeta, iltzeak jaurtitzen dituen metraileta (nail gun), laser izpien kanoia (rail gun) eta misil jaurtigailua —horrela jaio zen baina orain kanoia itxura dauka—.

 

Armategi irudimentsua esku artean

Agian ez da zerrenda luzea. Hala ere, tiro alternatibo desberdinekin aniztasun maila interesgarria eskaintzen du armategiak. Pistolaren laser izpia aipatu dut lehen, baina aurretiko sarbidean beste bi tiro mota dauzka. Gorriarekin Revolver Ocelot-en bilakatuko gara: hormetan errebotatzen duen eta etsaiengana berbideratzen den izpia jaurtiko dugu, ahalegin askorik egin gabe tiratzaile profesionalean bilakatuz.

Berdea da, ordea, ikaragarriena: txanponak airean bota ditzakegu, eta, hauek tiro arruntaz joz gero, min areagotua egingo duten tiro berezian bilakatuko dira, automatikoki etsaiengana bideratuta. Lau txanpon jaurti ditzakegu aldi berean, eta guztiei batera jo… zoragarria.

Gauza bera gertatzen da gainerako armekin. Eskopetaren tiroa karga dezakegu, edo granada jaurtigailuan bilakatu; nail gunak kargagailu guztia husten duen eraso bortitza dauka, edo gure tiroak erakartzen dituen imanak jaurti ditzake; rail gunak eztanda eragin dezakeen izpia dauka, edo etsai bati etengabe bizitza kentzen dion zulagailua jaurti dezake…

Etsai mota desberdinentzako aproposenak zeintzuk diren ikasi beharko dugu, bakoitza erronka desberdinetara bideratuta baitago. Nola ez, gorputzez-gorputz erasoten duten munstroentzat eskopetaren indarra da egokiena, hurbiletik txikitu egingo baititugu. Etsai geldo baina boteretsuentzat, bestalde, nail guna baliagarria izan daiteke, tiro alternatiboari esker apuntatzeaz arduratu gabe egurra eman dezakegulako.

Gantxoa ere lortuko dugu abenturaren erdialdean: bai etsai txikiak erakartzeko, bai handienengana ziztu bizian joateko balio digu. Airean dauden bola bereziekin ere erabil dezakegu amildegiak zeharkatzeko edo ziztu bizian joateko, mugikortasuna areagotuz.

Odola bizia da, baita gure robotarentzat ere.

Horrela, duelu frenetikoak eta geldiezinak dira nagusi: jokoan barneratuko gara, gure kontzentrazio ahalmen guztia eskatuko baitigu. Borrokak bukatzerakoan gorputzeko tentsio guztiak askatuko dituzu, benetan!

Urduritasun guztien gorena buruzagien aurka biziko dugu, baina. Berezko izenarekin eta bizitza barrarekin, jokoko duelurik zailenak izango dira. Lehenengoak gogorrak dira, baina, egia esan, miniburuzagitzat har daitezke; izan ere, jokoan aurrera egin ahala etsai arrunten artean azalduko zaizkigu.

“Benetako” etsai nagusien aurkako norgehiagoketan behin eta berriz hilko gara, hori bai. Akats bakoitzak heriotza dakar, beraz euren eraso ereduak ikasi, eta horien arabera mugitzen, saihesten zein kontraerasotzen jakin beharko dugu.

Bizitza urriarekin gabiltzanean ihes egin eta ezkuta gaitezke, noski… baina ez da aproposena Ultrakillen. Robotaren gasolina odola da; beraz, etsaiengana hurreratzea eta hurbiletik hiltzea izango da onena, hauen odolean zipriztinduz berrindartzeko. Erabateko kaosa sor daiteke dozena bat erdi etsairen erdian sartu eta sarraskia hasterakoan, baina ondo ateraz gero jokoko unerik ederrenetan bilakatuko dira.

 

Zaila, kontrolak barneratu arte

Tiro zehatzekin eta mugimendu bizkorrekin teklatu+sagu konboari bideratutako jokoa dela suposa dezakegu. Egia da, eta horrela jokatzea da erosoena, baina agintearekin jokatzean ezusteko ederra hartu dut: uste baino modu aproposagoa da Ultrakillez gozatzeko, nahiz eta hasieran kontrolen eskema pixkat bitxia iruditu zaidan. Garatzaileak ez du kontsoletako bertsiorik aipatu, baina hau ikusita zerbait prestatzen aritzea espero dut.

Tiro alternatibo desberdinekin aniztasun maila interesgarria eskaintzen du armategiak.

Orokorrean zailtasun handiko jokoa dela dirudien arren, behin bere mekanikak ikasita nahiko erraz egingo dugu aurrera. Nire kasuan lehen orduetan behin eta berriz hiltzen nintzen, baina bukaerarako nahiko erraz egin dut aurrera; ez gaude Dark Souls eta antzekoen erronka amaigabeen edo gupidagabeen aurrean. Checkpoint edo gordetze puntu ugari aurkituko ditugu maila bakoitzean; hiltzen garenean hauetan agertuko gara zuzenean, partida nahiko eskuzabalak sortuz.

Zailtasuna mailak gainditzean baino, hauetan ahalik eta puntuaziorik altuena lortzean dago. Devil May Cry kutsua ikusiko dugu hemen, ez bakarrik borroka ikusgarrietan. Konboek eta eraso ikusgarriek puntuazio barra betetzen lagunduko digute, maila desberdinetatik gora eginez: D kategoriatik SSS mailara igo gaitezke, Dante Sparda-ren jokoetan bezala. Eztandek, erreboteek, airean zein irristaka egindako tiroek… guztiek balio dute gure kalifikazioa areagotzeko. Puntuak lortzeak ordainsaria dakar, gainera: armen hobekuntzak edo koloreak desblokeatzeko balio du.

 

Gozatzeko sekretuak eta aniztasuna

Sarbide goiztiarraren hasieran zaleen beldurrik handiena girotze errepikakorra zen. Hori guztiz gainditu du Hakitak. Infernuko mundu edo geruza bakoitzak (linboa, lizunkeria, sabelkeria, anbizioa, haserrea, heresia, etab.) bere girotze propioa dauka; are gehiago, maila bakoitza aurrekoaren desberdina izango da, mundu berean kokatuta egon arren.

Abilezia eta botere bereziak lor ditzakegu.

Itxura “industrialdun” guneetan hasiko gara, baina azkenean egiptoar piradimeak, Atlantida, hiri futurista zein ilunak edo askoz gune beldurgarriak bisitatuko ditugu. Abentura hasterakoan espazio txikietatik zehar ariko garela aipatu dut, baina aurrera egin ahala geroz eta gune handiagoak ikusiko ditugu.

Gehienetan aurrera baino ez dugu egin beharko, baina zenbait maila labirintikoagoak dira, eta esplorazioa sustatzen dute. Retro tiro jokoetan horren ohikoak ziren koloretako giltzak (burezurrak) eta ateak ikusiko ditugu, adibidez. Sekretuak barra-barra daude: orbe desberdinak bil ditzakegu —hauek ere armen koloreak desblokeatzeko, oraingoz—, baita gidoia azaltzeko balio duten liburuak irakurri ere.

Duelu frenetikoak eta geldiezinak dira nagusi: jokoan barneratuko gara, gure kontzentrazio ahalmen guztia eskatuko baitigu.

Misteriorik handienak, baina, maila ezkutuetan daude: hauetara iristeko gune arruntak ondo miatu beharko dira, baina behin hori eginda gune bereziok gainditzea ez da batere erraza izango, batzuetan erronka desberdinak eta bereziak planteatuko baitizkigute. Ahaztu tiroez, eta prestatu datorrenerako.

Bukatzeko, misio bakoitzean dozena bat tiroketa biziko ditugun arren, speedrunner-entzat prestatuta daude. Puntuazioaz gain, gainditzeko denbora ere hartzen du kontuan jokoak, eta askotan sekulako erokeriak egin ditzakegu mailak ahalik eta bizkorren bukatzeko, hauek guztiz hautsita. Berjokagarritasun maila handia dauka Ultrakillek: gunplay mekanikak ikaragarriak dira, baina jokatu ahala hasiera batetik egin genitzakegun mekanikak azaleratzen joango zaizkigu.

 

Hazten eta hobetzen

Ikasitakoak balioan jartzeko samalda modalitatea ere dauka tituluak. Cyber Grind izeneko joko motan arerioen samalda desberdinak akatu beharko ditugu eraldatzen doan borrokalekuan. Kanpaina bukatzerakoan beste dozena erdi ordu eskaini ditzakeen modalitate dibertigarria da; nola ez, zailtasuna areagotzen joango da, DMCen Bloody Palace modalitatearen antzeran.

Gainera, esperimentatzeko Sandbox joko motan ere ari gaitezke: Source garapen motorean ikusitako proba gune ezaguna sortu du Hakitak armak, arerioak eta mekanikak testatzeko.

Soinu banda nahitaez aipatu behar dut. Hakita musikagile desberdinekin batu da estilo desberdinetako doinuak txertatzeko. Askotan arrotzak egingo zaizkigu, joko mota honetarako desegokiak direla pentsatuz… baina borroketan murgiltzeko aproposak direla irudituko zaigu azkar batean.

Ultrakillen sarbide goiztiarrak gaur egun dituen edukiekin 7-8 ordu eskaini diezakegun jokoa dugu; hauek ia bikoiztu egin daitezke sekretuekin eta Cyber Grind modalitatearekin. Hortaz, abentura osoaren aurrean gaudela esan daiteke; dena den, egileak oraindik maila eta ezaugarri gehiago ditu esku artean: zazpigarren infernuaren geruza ia prest dauka, jokoaren hirugarren atal handiaren lehen maila.

Irakurritakoak eta ikusitakoak zure arreta erakartzea lortu badute, une aproposa da Ultrakill erosteko; izan ere, early access-ean egonda beherapen interesgarriarekin beregana dezakegu.

Proiektua bukatu gabe dago, baina Ultrakillek ikaragarrizko maila erakutsi du dagoeneko. Retro tiro jokoen muina nahiz mamia hartu, eta aldi berean berritasun interesgarriak gehitzen dizkio azken urteetako FPS frenetikoena eta xarmagarriena izateko. Duelu bortitzak baina gozagarriak biziko ditugu, beti bidezkoak, eta mekanikak ulertu ahala infernua menderatzea lortuko dugu.