Marina Amores kazetariak eta Daniel Muriel soziologoak bat egin dute liburu honetan feminismoa eta soziologia uztartuz.

Emakume bideo-jokozaleak existitzen garela argi dago. Alabaina, bideo-jokoak gure identitatearen ezaugarri garrantzitsua direla erakusteak estereotipoetan oinarritutako erreakzio soziologikoak eragiten ditu gure mintzakidean. Abiapuntu horretatik, Un mes en Tinder siendo mujer gamer liburuak ligatzeko testuinguru teknologiko batean emakume bideo-jokalaria izateak eragiten dituen elkarrekintzen emaitzak aurkezten ditu.

Liburuaren autoreak Marina Amores kazetaria eta Daniel Muriel soziologoa dira. Hauek bideo-jokoetan adituak dira bakoitza bere esparruan. Gure blogean jadanik iruzkindu dugu autore hauen liburu bana: bideo-jokoak eta feminismoa Amoresek koordinatutako ¡Protesto! Videojuegos desde una perspectiva de género liburuan bat egiten dute eta bere aldetik, Daniel Murielek Identidad gamer liburuan bideo-jokozaleen identitatearen egituraketa aztertzen du, honetan ematen den jazarpenari ere so eginez.

 

«Gerrilla» esperimentu soziologikoa

Esku artean dugun liburuaren azalak nahasketa eragin dezake eta komiki edo eleberri grafiko baten aurrean gaudela pentsarazi. Ez da horrela, baina gaiak hori bideratu dezake arazorik gabe.

Autoreen esanetan, “gerrilla esperimentu soziologiko” bat aurkezten digute, izenburuak esplizitoki deskribatzen duena. Tinder aplikazioak jendea ezagutzeko testuinguru teknologikoan emakumea eta gamerra den erabiltzaile batek jaso dezakeen erreakzioak bildu eta aztertzen dituzte. Eta hori da liburuak hain zuzen eskaintzen duena: profil faltsu baten sorkuntza eta honek jasotako elkarrekintzen analisi gordina, feminismo eta soziologiaren ikuspuntutik.

 

Teknologiaren ustezko gardentasuna

Baina, esperimentuaren emaitzekin hasi baino lehen autoreek teknologiaren inguruko gogoeta egiten dute. Izan ere, Tinder aplikazio garden bezala agertzen da, distantzia, adin tarte eta sexua zehaztu ondoren emaitza guztiak eskaintzen dituena. Amoresek eta Murielek adierazten dutenez, hori ez da horrela, Tinderrek beste hainbat aplikazio bezala algoritmo batean oinarrituz eskaintzen dituelako emaitzak.

Algoritmo horren funtzionamendua berezia da, izan ere, erabiltzaile bakoitzari puntuazio bat egokitzen zaio beste erabiltzailearekin alderatuz. Hau da, puntuazioa erabat aldakorra da eta horren arabera pertsona profil batzuk ikusteko aukera gehiago edo gutxiago izango ditugu. Esate baterako, gizon nagusiek ikasketa maila baxuagoa duten eta gazteagoak diren emakumeak ikusteko aukera gehiago dituzte. Hau da, desberdintasunean eta sexismoan oinarritutako baloreek gidatzen dute algoritmoa.

Ez hori bakarrik, gure informazioa eta informazio eza aztertzen ditu aplikazioak. Algoritmoak gure eta guk aukeratutako profilen biografiak, argazkiak ーazalaren kolorea edota agertzen diren objektuakー eta elkarrizketetan idatzitako testuak aztertzen ditu bikote potentzialak aurkezterakoan. Hau da, bideo-jokozaleak bagara, seguruenik beste bideo-jokozale batzuk aurkeztuko dizkigu aplikazioak.

 

Errealitate gordina

Esperimentua burutu osteko emaitzak errealitate gordina aurkezten digute aurrez-aurre. Irakurketa aurrera egin ahala erabiltzaileen mezuen sexismo eta bortizkeria mailak gora egiten du eta transkribatzen diren elkarrizketak irakurtzeagatik sentitzen dugun morbotik deserosotasunera pasatzen gara.

Esanguratsua da ikertzaileek azkar aurkitu zituztela erabiltzaileen jokabidearen eredu edo patroi komunak. Erreakzio guztiak emakume bideo-jokozaleen fetitzizazioan oinarritzen dira. Guztira bost jarrera mota zehaztu ziren:

  1. Hasierako harridura neska profil hori aurkitzerakoan.
  2. Sinesgaitasuna eta honi aurre egiteko ebaluaketa ーbeti ere perspektiba maskulinotik egindakoaー.
  3. Lehiakortasuna emakume aditua gizontasunarentzako mehatxua dela sentitzearen ondorio gisa.
  4. Oldarkortasuna emakumearen komunikazioaren maiztasuna edo forma nahi bezalako ez denean eta geratzeko edo telefono zenbakia partekatzerakoan ezezkoak jasotzerakoan.
  5. Eskatu eta testuinguru gabeko komentario sexualak.

Gure gizartean gertatzen diren gizon-emakume arteko harremanen asimetriak erakusten dituzte jarrera hauek. Eta beharrezkoa da feminismoan ezagutza bat ーeta ahal izanez gero bideo-jokotan espezializatutakoaー elkarreragin horien esangurak ulertzeko. Idatzizko elkarreraginetan agur bat ere sexista izan daitekela argi uzten dute adibideek. Eta, elkarrizketek eta autoreek azaltzen duten moduan, jarrera hauek hain barneratuta eta normalizatuta daude komentario hauek egiten dituztenek ez dituztela erasokor bezala ikusten. Ez hori bakarrik, hitz horien desegokitasuna aurpegiratzean erreakzioak bortitzagoak bihurtzen dira, heziketa pertsonala eta feministari aukerarik eman gabe.

 

Ikerketaren mugak

Liburuaren bukaeran autoreek ikerketa honek izan dituen mugak aipatzen dituzte eta asko eskertzen da autokritika hau. Izan ere, irakurleak bere buruari galdetu ahal dio bideo-joko zalea izateak zer nolako eragina daukan solasaldi hauek baldintzatzean. Hau da, harreman heterosexualen testuinguruan kokatzen da azterlana eta pentsatu daiteke elkarreragin hauek oso antzekoak izan daitezkela gamerra izan edo ez.

Zalantzak handiagoak izan daitezke ikerketan jarduten dugunontzat, baina ez hainbeste irakurle orokorrarentzat. Autoreek esaten duten moduan, ikerketarako profil gehiago sortzeak eta ‘kontro-profil’ bat izateak ikerketa asko aberastuko zuen zalantzarik gabe.

Ostera, egindako lana nahikoa izan zen aipatutako bost jarrera nagusi mota horiek konstante bezala identifikatzeko. Horregatik ados nago beraiekin baieztatzen dutenean eskuartean dugun lan hau emakumearen esperientziaren erakusle kualitatibo bat dela. Hare eta gehiago, nire bideo-joko zaletasuna erakutsita edo ez, jarrera horiei aurre egin behar izan diet behin edo behin. Beraz, ikerketaren mugak eta bideo-jokoen arloaren berezitasun posibleak baztertuz, esperimentu soziologiko hau esanguratsua dela uste dut, batez ere gaian oso adituak ez direnentzat.

 

Aldez-aurretiko ezagutzaren beharra

Liburua bere baitan interesgarria den arren, feminismo eta soziologiaren aldetik eskaintzen duen testuinguraketa nahiko eskasa da. Horregatik komenigarria da autore hauek aurretik argitaratutako liburuak irakurtzea. Izan ere, Protesto eta Identidad Gamer liburuen bitartez esperimentu soziologiko hau sakonago ulertzeko oinarri teorikoak aurkituko ditugu. Azken finean, Un mes en Tinder siendo mujer gamer aurreko bi liburuen saiakuntza praktiko bezala ulertu dezakegulako.

Bestalde, liburu honek teknologiaren inguruko hausnarketa bat gehitzen dio autoreek beraien aurreko lanetan esandako guztari. Teknologiak gizartean berdintasuna sustatu beharrean, desberdintasunean oinarritutako balore tradizional eta heteropatriarkalak betikotzen ditu. Beharrezkoa da orduan teknologia ere genero ikuspuntutik aztertzea.

Beraz, Un mes en Tinder siendo mujer gamer ekarpen oso interesgarria da feminismo eta soziologiaren arloan, baina, komenigarria da aldez aurretik bideo-jokoen eremuan identitatea eta jazarpena nola ematen den ezagutzea.

  • Izenburua: Un mes en Tinder siendo mujer gamer
  • Autorea: Marina Amores eta Daniel Muriel
  • Argitaletxea: Applehead
  • Argitaratze urtea: 2021