Euskaraz estreinatuko da aurten. Demoa kaleratu dute Steam plataforman.
Unclouded aurkeztera igaro dira Praenaris talde donostiarrekoak Devinitive Showcase emanalditik. Dragamina (Minesweeper) joko ezagunaren oinarriak hartuta, basoekin zeruak argitzera eramango gaituzte.
Baliabide kudeaketa elementu sinpleak dragaminarekin elkartu dituztela diote egileek. Lauki sarez osatutako mapan hodeiak argitu, eta egur bila joko dugu. Lurzoruari adi egon beharko gara, baina, honen koloreak toxikotasun maila adierazten baitu: puntu gehiago lortuko ditugu berdetik, baina gorrirantza hurbildu ahala, prisma arriskutsuengana hurreratzen gabiltzala adieraziko digute. Prisma hauek powersweep abileziarekin ezaba ditzakegu, lurra garbitzeko.
Helburua maila bakoitzean landa guztiak argitzea da, aurrera egin ahal izateko. Maila edo bioma desberdinak agertuko dira partidetan, arau edo erronka desberdinak proposatuz, jokagarritasuna pixkat eraldatzeko. Atal edo maila sorta bat gainditzerakoan, istorioaz gozatzeko aukera egongo da: mendi gupidagabea eskalatzen ari den mendizalearen ibilbidea jarraituko du Uncloudedek.
Praenarisi agurra eman genion 2024ko abenduan. “Praenarisen istorioa honaino iritsi” zela adierazi zigun Ekain Highnoon garatzaileak, baina, poztekoa da estudioak bizirik jarraitzen duela entzuteak. Highnoonek azaldu digunagatik, taldea murriztuta, baina indar betean dabiltza, Unclouded bezalako proiektu xumeagoei helduta.
Proposamen sinplea, baina harrapatzen zaituena prestatzen dabiltza, hortaz, Praenariskoak. Unclouded aurten kaleratzeko asmoarekin dabiltza; zorionez, oraintxe bertan proba dezakegu Steam plataformako demoari esker. Ez dugu euskaraz aurkituko, baina joko osoa estreinatzen denean, gure hizkuntzan helduko dela ezagutarazi digute.
Lander Unzueta
Iruzkinak