Ordainpeko Unity Pro eta Enterprise zerbitzuekin eratutako jokoei zergak ezarriko dizkiete, baina ez dira hasiera batean iragarritakoak izango.

Unity garapen motore ezagunaren arduradunek atzera egitea erabaki dute azkenik: garatzaileek ez dute exekutatze kuotarik ordaindu beharko motorearen doako bertsioetan.

Unity Create taldeko Marc Whitten arduradunak eman du berria sormen tresnaren blogeanBarkamena eskatuz hasi du mezua: “Exekutatze kuota iragarri aurretik garatzaileekin hitz egin behar zutela” aitortu du Whittenek.

Horrela, Unity Personal zerbitzuaren erabiltzaileek —musutruk erabil daitekeen erreminta— dohainik erabili ahalko dute motorea. Ez hori bakarrik, aldaketa harrigarria ere aipatu du: doako bertsioarekin sortutako jokoek ez dute “Unityrekin sortua” irudia erakutsi beharko abiatzerakoan.

Ez da gauza bera gertatuko Unity Pro eta Unity Enterprise ordainpeko zerbitzuen erabiltzaileekin. Hala ere, exekutatze kuotak ez dira hasiera batean aurkeztutakoak izango.

Milioi bat dolarreko onurak eta milioi bat instalatzeak gainditzea ziren garapen motorearen arduradunek ezarritako baldintzak; horren ordez, milioi bat dolarreko onurak hamabi hilabeteko epera mugatuko dira. Hau da, urtebetean zifra hori gainditzen dutenek kuota ordaindu beharko dute, jokoaren bizitza osoan izan beharrean. Bigarren baldintza ere aipatu dute: hamabi hilabetetako epean milioi bat instalazioren langa gainditzea.

Datuok, gainera, bideojokoaren garatzaileen esku egongo dira. Hau da, Unityk ez ditu automatikoki eskuratuko euren metodoekin: sortzaileek bidaliko dizkiete. Horrela, sortzaileek erabateko kontrola edukiko dute, inolako ezustekorik jasan gabe.

Bukatzeko, kuotekin ezarritako aldaketak ez dira retroaktiboak izango. 2024tik aurrera merkaturatutako LTS bertsioarekin sortutako obrei soilik ezarriko zaie zerga.

 

Pozik zein atsekabeturik

Aldaketok ospatu dituzte bideojokogileek; hala eta guztiz ere, tresnak jarraitzaile asko galdu ditu bidean.

Unityk orain ia bi aste iragarri zituen kuotak. Garatzaileen eta bideojokozaleen komunitatean sekulako haserrea eragin zuen berriak, honen aurka egiteko taldeak sortuz. Adibidez, 500 garatzaile baino gehiagok bat egin zuten kexatzeko.

Ez hori bakarrik, bideojokogile batzuek beste garapen motoreengana jo dute. Re-Logic garatzaileak dohaintza egin die Godot eta FNA kode irekiko garapen motoreei. Terrariaren sortzaileak bakoitzari 100.000 dolar bidali dizkie proiektuekin laguntzeko; gainera, hilero 1.000 dolar bidaliko die.