“2014an kaleratutako UE4tik emandako eguneratzerik handiena” izango dela agindu dute motor grafikoaren arduradunek.
Epic Gamesek Unreal Engine motor grafikoaren bertsio berria iragarri du. Unreal Engine 5ek hainbat berritasun ekarriko ditu bideojokoen etorkizuneko belaunaldira.
Iragarpena Geoff Keighleyk egin du Summer Game Fest ekimenaren barruan. Unrealen bertsio berria “2014an kaleratutako UE4tik emandako eguneratzerik handiena” izango dela agindu dute Epicetik.
Garatzaileek Unreal Engine 5ekin lortu dezaketena agerian uzteko demo tekniko batez baliatu dira. Demoa Playstation 5ean martxan zebilela nabarmendu dute: ikusitako guztia belaunaldi berriko kontsolak mugitu dezake.
Erakutsitakoa harrigarria da. Demoa 1440p eta 30fps-etara mugitzen den arren ingurugiroa osatzen duten objektuen kalitatea izugarria da, baita argi iturriena ere.
Garatzaileek UE5a osatzen duten bi teknologia nagusiak garatu dituzte: Nanite eta Lumen. Lehenengoa birtualizatutako geometria sistema berritzailea izango da. Nanite erabilita 3D artistek “billioika poligonoz osatutako modeloak” inportatu eta exportatzeko aukera edukiko dutela nabarmendu dute.
Lumen, bestalde, argiztapen globala eskainiko duen sistema da. UE5 erabiltzen duten bideojokoek kalitate handiko argiztapen dinamiko eta errealista edukiko dute Lumeni esker.
Teknologia berri hau erabiliko duten bideojokoei dagokienez, Epicen arabera 2021era arte itxaron beharko da: Unreal Engine 5 preview fasean eskuragarri egongo da 2021. urteko lehen hilabeteetan. Azken bertsioa urte bereko amaieran argitaratzea aurreikusten dute.
Hori horrela, Unreal Engineren bosgarren bertsioa Playstation 5ean, Xbox Series Xn eta nola ez, PCan erabiltzeko prest egongo da. Arduradunek ez dute zehaztu motor grafikoaren bertsio berria Android eta iOSerako erabilgarria izango den.
Iruzkinak