Irailaren 23an doako eguneratze batekin helduko da joko mota berria. House Housen jokoak edizio fisikoa ere edukiko du.
Untitled Goose Game jokalari bakarrarentzako bideojoko bezala argitaratu zuen iaz House House garatzaileak, baina hori aldatzear dago. Irailaren 23an bi jokalarirentzako joko mota jasoko du antzarraren joko arrakastatsuak.
Horietan partida kooperatiboak jokatu ahalko dira: bi antzar arituko dira nahaspila ederra eragiten. Doako eguneraketa baten bidez jasoko dute PS4, Xbox One, Switch eta PCko jokalariek.
Egun berean Untitled Goose Game Steamen argitaratuko dute; PCkoek Epic Games Storean soilik eskuratu ahal izan dute.
Edizio fisikoa ere prestatzen ari dira: irailaren 29an kaleratuko dute PS4 eta Switcherako. Bideojokoaz gain gida txiki bat, Marigold Bartlett artistak sortutako mapa eta “antzarrak ez” dioen eranskailu ofiziala bilduko ditu edizio fisikoak.
Iruzkinak