Hilabeteko estreinaldiak errepasatu ditugu Game Erauntsian, eta genero zein plataforma guztietako altxorrak datoz.

Urteko azken hilabeteak erotzekoak izaten dira bideojokozaleentzat, baina etorri berri zaigun urria ohikoa baino ikaragarriagoa dela aitortu beharra dago.

Fantasiarekin hasiko eta bukatuko dugu: Persona sagaren sortzaileen Metaphor: ReFantazio ikusgarria dator lehenengo, baina ondoren EAkoek Dragon Age: The Veilguard interesgarria ekarriko digute.

Tartean daukaguna are ikusgarriagoa izango da, ordea: Dragoi Bolaren borroka jokoa, Silent Hill 2 maitatu bezain beldurgarriaren berregitea, Call of Duty famatuaren Black Ops berria, Mario Party zein Sonic X Shadows Generations ikusiko ditugu, besteak beste.

Titulu independenteen aldetik ere argitalpen interesgarriak datoz: Nomada Studio katalanak Neva kaleratuko du, eta Europa ederra ere jasoko dugu egunotan.

 

Until Dawn

  • Argitaratze data: 2024-10-04
  • Garatzailea: Ballistic Moon / PlayStation
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PC, PS5

Supermassive Games estudioak 2015ean PlayStation 4 kontsolan argitaratutako beldurrezko abentura interesgarria birmasterizatuta dator PlayStation 5era zein PCra. Unreal Engine 5 garapen motorea erabili dute oraingoan, originaleko grafiko ikusgarriak are gehiago hobetzeko.

Denbora guztian hiltzeko arriskuan dagoen protagonista sorta zabala, QTE ekintzak eta 90eko hamarkadako slasher beldurrezko filmeen girotzea proposatzen ditu.

 

Silent Hill 2

  • Argitaratze data: 2024-10-08
  • Garatzailea: Bloober Team / Konami
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PC, PS5

Beldurrarekin nahiz berrargitalpenekin jarraitzen dugu, baina klasiko atenporala hartuta. Silent Hill 2 berriz da gure artean: Bloober taldekoek James Sunderland protagonistaren abentura gogorra berregin dute, egungo oinarriak eta grafikoak hartuta.

Lehen bideoekin benetako beldurra igaro genuen jokoak zeukan itxura eskasagatik; zorionez, denborarekin itxaropena areagotzen joan da, eta zaleak kaleratzearen zain daude orain. Urriaren 8an ikusiko dugu Konamiren klasikoa berpizteak benetan merezi ote zuen.

 

Diablo IV: Vessel of Hatred

  • Argitaratze data: 2024-10-08
  • Garatzailea: Blizzard
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Diablo IVren lehen espantsio handian barneratuko gara urrian. Vessel of Hatredek ohiko edukiak gaineratuko dizkio Blizzarden akziozko RPGari: oihan girotzea duen Nahantu eskualde berria bisitatuko dugu misio berriak burutzeko, bere istorioarekin, arerioekin eta ezaugarriekin.

Spiritborn izeneko pertsonaia mota berria ere aukeratu ahalko dugu: oihaneko gerlarien itxura duen borrokalari moldakorra da.

 

Metaphor: ReFantazio

  • Argitaratze data: 2024-10-11
  • Garatzailea: Atlus / SEGA
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series

Metaphor: ReFantazio hilabeteko nahiz urteko jokorik onenaren ordezkarietako bat dugu. Persona sagaren sortzaileen JRPG berriak abentura sakona eta zabala proposatuko digu fantasiazko erresuma misteriotsuan.

Txandakako borrokak —zein denbora errealekoak—, harremanen bidez hobetzeko ezaugarriak eta ahalmenak, xehetasunez betetako mundua eta atal estetiko zein soinu banda zoragarriak agintzen ditu.

Sortzaileek ez daukate zalantzarik jokoaren potentzialaren inguruan, eta Metaphor probatzeko bost orduko demoa kaleratu dute plataforma guztietan: egindako aurrerapen guztiak joko osora eraman ditzakegu, hau erostea erabakiz gero.

 

Dragon Ball: Sparking! Zero

  • Argitaratze data: 2024-10-11
  • Garatzailea: Spike Chunsoft / Bandai Namco
  • Generoa: Borroka
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Dragoi Bolaren bideojoko maitatuenen artean aurkitzen da Budokai Tenkaichi saga; Sparking! honen deitura japoniarra da, bera BT4ren aurrean gaudela esan daiteke. Son Gokuren eta lagunen orain arteko borroka jokorik handiena izango da: 180 borrokalari baino gehiago —transformazio guztiak kontuan hartuta— bilduko ditu.

Manganimea fideltasun osoz errespetatzen duen atal estetikoarekin batera, ezaugarri interesgarriak ere dakartza: Zer gertatuko litzateke (What if) modalitateaz gain, gure eszenak sor ditzakegu borroken aurretik. Zerbait ezkorra aipatzearren, denboraren eta espazioaren gela soilik borroka gaitezke pantaila zatituko multijokalarian.

 

Europa

  • Argitaratze data: 2024-10-11
  • Garatzailea: Helder Pinto, Chozabu (Alex PB) eta Novadust Entertainment / Future Friends Games
  • Generoa: Abentura, plataformak
  • Plataformak: PC, Switch

Europa itxurosoaren garapena asko luzatu da, baina azkenean daukagu jokatzeko aukera. Mugimendua nagusi da bere mundu zabalean: saltoka, irristaka eta hegan ariko gara zelaietatik, mendietatik nahiz tenpluetatik.

Zelda kutsua dauka, batez ere puzzleetan. Eskaintzeko duena oraindik ongi ezagutzea geratzen zaigun arren, itxura aparta duela esan beharra dago.

 

Neva

  • Argitaratze data: 2024-10-15
  • Garatzailea: Nomada Studio / Devolver Digital
  • Generoa: Abentura, plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

2025eko indietako bat katalana da. Gris bikainarekin lortutakoa errepikatzera datoz Bartzelonako Nomada Studiokoak Neva ederrarekin.

Alba eta bere otsoaren bidaia latza biziko dugu mundu koloretsuan baina madarikatuan zehar, borrokak, esplorazioa eta puzzleak ardatz izanik.

 

Super Mario Party Jamboree

  • Argitaratze data: 2024-10-17
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Festa jokoa
  • Plataformak: Switch

Nintendo Switch kontsolako hirugarren Mario Part jokoa dugu Jamboree, eta handiena izango dela dirudi: 110 minijoko, zazpi taula eta joko mota bereziak ikusiko ditugu. Koopathlon modalitatea nabarmentzekoa da: 20 jokalari elkartuko ditu minijokoz betetako maratoian parte hartzeko.

Denetariko probak ikusiko ditugu, gainera: gehienak aginte mota arruntarekin jokatzekoak diren bitartean, Joy-Con aginteen ezaugarri bereziez baliatzen diren jokoak ere prestatu dituzte oraingoan.

 

Call of Duty: Black Ops 6

  • Argitaratze data: 2024-10-25
  • Garatzailea: Treyarch, Raven Software, Beenox, High Moon Studios, Activision Shanghai, Sledgehammer Games, Infinity Ward, Demonware / Activision
  • Generoa: Tiro jokoa, FPS
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Urteko azken txanpan Call of Duty berririk ez jasotzea arraroa izango litzateke. Indarberrituta datoz oraingoan Activisionekoak: ikus daitekeen bezala, euren estudio guztiak bildu dituzte Black Ops sagaren seigarren jokoa prestatzeko.

Ohi bezala, kanpaina sakona, aukera anitzeko multijokalaria zein zonbien aurkako erronkak batuko ditu BO honek.

 

Sonic X Shadow Generations

  • Argitaratze data: 2024-10-25
  • Garatzailea: Sonic Team / SEGA
  • Generoa: Abentura, plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Sonic Generations izango da, ziurrenik, azken urte luzeetan triku supersonikoak jasotako abenturarik gogokoenetakoa. Bere ibilbidea ospatzera bideratutako plataforma jokoa eduki berriekin argitaratuko da orain: zehazki, Shadow trikua protagonistatzat duen abenturarekin.

Shadowen atala Sonicen antzekoa da: bere bideojokoetako bizipenak gogoratuko ditugu maila desberdinetan zehar, baita Sonic The Hedhehog 3 filmekoak ere. Ez hori bakarrik, joko originalaren atal grafikoa eraberritu dute SEGAkoek.

 

Life is Strange: Double Exposure

  • Argitaratze data: 2024-10-29
  • Garatzailea: Deck Nine Games / Square Enix
  • Generoa: Abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Switch

Life is Strange frankiziak denetariko jokoak ditu, baina hurrengo Double Exposurek zaleen begiradak harrapatzea lortu du. Zergatik? Max Caulfield protagonistaren itzulera suposatuko duelako.

Erabakiak, dimentsioen arteko bidaiak, harremanak eta hilketak izango dira ardatzak aukera mordoa proposatuko dizkigun abenturan.

 

Dragon Age: The Veilguard

  • Argitaratze data: 2024-10-31
  • Garatzailea: Bioware / Electronic Arts
  • Generoa: Abentura, ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Dragon Age berria datorkigu hamar urteren ondoren. Inquisition atzean utzi, eta The Veilguard prestatu dure Biowarekoek: akziozko RPG abentura hainbat berandutzeren ostean kaleratuko da.

Gure pertsonaia sortzeko aukera sorta zabala edukiko dugu esku artean. Borroketan inoiz baino akzio gehiago ikusiko dugu, baina, halere, estrategiarentzako lekua ere badagoela adierazten dute egileek. Erabakiek eta esplorazioak ere pisu nabarmena daukate, mundu ederrarekin batera.