Indie tituluen aldetik Absolum, Battle Suit Aces, Ball x Pit, Dispatch edo Mina the Hollower iritsiko dira.

Bideojokoen industria eguberrietako kanpainarako berotzen hasia da, eta urriko estreinaldiak horren adierazle argia dira. Bideojoko handi zein txiki interesgarriz betea dator hilabetea: PlayStation, Nintendo zein Xbox erraldoien zenbait joko interesgarri ikusiko dituzte jokalariek, baina baita indie altxor ugari ere.

Ghost of Yōtei, Super Mario Galaxy 1+2, Battlefield 6, Pokémon Legends: Z-A, Ninja Gaiden 4, Keeper, Little Nightmares 3, Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2, Dragon Quest 1+2 Remake itxurosoekin has daiteke, baina gehiago datoz: independenteek Absolum, Battle Suit Aces, Ball x Pit, Dispatch edo Mina the Hollower utziko dituzte, besteak beste.

Joan den hilabete bukaeran ezustean estreinatu den jokoa aipatu beharra dago hasi aurretik: Hades IIk aurretiazko sarbidea atzean utzi, eta 1.0 bertsioa argitaratu du. PCan merkaturatzeaz gain, Switch kontsoletan ere goza daiteke.

Kontsola guztietarako zein ordenagailuetarako argitalpenak dira nagusi, beraz, guztion gozamenerako.

 

Ghost of Yōtei

  • Argitaratze data: 2025-10-02
  • Garatzailea: Sucker Punch / PlayStation
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PS5

Ghost of Tsushima sarituaren jarraipenak protagonista eta kokaleku berriak dakartza. Japoniako mendebaldetik ekialdera joko dute jokalariek Atsu-rekin batera: 1603. urteko Ezo eskualdea —hau da, Japonia iparraldeko Hokkaidō irla— esploratzeari ekingo diogu oraingoan.

Mundu irekia, mendekuari lotutako istorio interesgarria, borroka odoltsuak eta atal grafiko ikaragarria agintzen ditu Sucker Punch taldearen lan berriak. Prentsaren kritikak zein analisiak irakur daitezke jadanik, eta sekulakoa dela aurreratzen dute.

 

Super Mario Galaxy 1+2

  • Argitaratze data: 2025-10-02
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Plataformak, abentura
  • Plataformak: Switch 2, Switch

Mario iturginaren 40. urteurrena —eta datorren urtean estreinatzen den bigarren filma— ospatzeko bilduma prestatu dute Nintendokoek urrirako. Nintendo Wii kontsolako Super Mario Galaxy maitatuak Switch gailuetara datoz birmasterizazio txikiekin.

Atal grafikoa pixkat txukundu dute, egungo kontsolen indarraz baliatuz, baina ez dugu aldaketa handirik ikusiko bereizmenetik eta eraberritutako testura batzuetatik haratago. Hala ere, plataforma abentura bikainak Switchetan egotea beti da eskertzekoa.

Joko bakoitza bakarka eros daiteke bertsio digitaletan; bestela, Galaxy biak biltzen dituen edizio fisiko berezia merkaturatuko du N handiak.

 

Digimon Story Time Stranger

  • Argitaratze data: 2025-10-03
  • Garatzailea: Media Vision / Bandai Namco
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Munstro digitalak orain arteko bideojokorik handienarekin itzuli dira. Digimon Story sagako azken atalak ohiko mekanikak eta oinarriak bilduko ditu: Pokémon estiloko txandakako JRPG abenturak biziko dituzte jokalariek.

Horrela, Digimonak harrapatuko, borroketan indartuko eta digieboluzionatuko zein fusionatuko dituzte. Guztia, gidoi sakonarekin batera: Tokio zein mundu digitala denboran zehar elkartuko dituen istorioa da Time Strangerrena.

 

Battle Suit Aces

  • Argitaratze data: 2025-10-07
  • Garatzailea: Trinket Studios
  • Generoa: Estrategia, kartak
  • Plataformak: PC

Indie jokoekin hasita, Battle Chef Brigade bereziaren egileek Battle Suit Aces prestatu dute. Sukaldeko borrokak mecha erraldoiekin ordezkatuko dituzte oraingoan; hala ere, dueluak kartekin biziko dira jokoan.

Borroka taktikoak nobela bisualen jokagarritasunarekin eta anime estetikarekin uztartuko ditu. Horrela, gure robot erraldoi taldea prestatu beharko da, tartean gidarien arteko harremanak sendotuz eta eraldatzaile mordoa lortuz, bost pertsonaia hautatzeko duelu bakoitzean.

 

Absolum

  • Argitaratze data: 2025-10-09
  • Garatzailea: Guard Crush / Dotemu
  • Generoa: Beat ‘em up, roguelike
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch

Streets of Rage 4 ikaragarriaren arduradunak beat ‘em up generora bueltatuko dira Absolumen proposamen interesgarriarekin. Fantasiazko mundu aberatsean kokatuko gaitu, roguelike elementuz betetako istorioa bizitzeko.

Partida bakoitza hutsetik hasiko dugu, lau pertsonaien artean hautatuta: bakoitzaren mugimendu bereziekin zein ibilbideetan lortuko ditugun indartzaileekin batera eguzki jainkoa garaitzen saiatu beharko gara. Hades jokoetan ikusi modura, partida bakoitzean hobekuntza iraunkorrak desblokeatuko ditugu aldi baterako berezitasunekin batera, istorioak aurrera egiten duen bitartean gure basera are laguntza gehiago erakarrita.

 

Battlefield 6

  • Argitaratze data: 2025-10-10
  • Garatzailea: Battlefield Studios / Electronic Arts
  • Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Azken jokoek harrera eskasa jaso ondoren, Criterion, DICE, Motive eta Ripple Effect taldeek osatutako Battlefield Studios frankizia biziberritzera datoz seigarren atalarekin. Ohiko elementuak ikusi dituzte zaleek: mapa erraldoiak, ibilgailu sorta zabala, suntsipen errealista eta multijokalari modalitate mordoa ageriko dira.

Beta bertsioa probatu zutenak benetan pozik agertu dira orain arte lortutakoarekin. Jokalari bakarrarentzako kanpaina ere dator BF6ra; izan ere, orain egun gutxi batzuk erakutsi zuten lehen bideoa, eta itxura ikusgarria daukala aitortu beharra dago.

 

Little Nightmares 3

  • Argitaratze data: 2025-10-10
  • Garatzailea: Supermassive Games / Bandai Namco
  • Generoa: Beldurra, puzzleak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series, Xbox One

Munstroengandik eta amesgaiztoengandik ihes egiteko garaia da berriz. Low eta Alone txikiak mundu beldurgarrian zehar gidatu beharko ditugu denetariko erronkei aurre egiteko, Little Nightmares sagaren ohiko premisa berreskuratuta.

Aldaketa handiak datoz, baina. Tarsier Studios ez da arduratu hirugarren atalaz: Supermassive Games —Until Dawn edo The Quarry jokoen egileak— hautatu ditu Bandai Namcok LN3 garatzeko. Joko originala ere bueltan etorriko da egun berean; alabaina, Little Nightmares Enhanced Edition izeneko bertsio eraberritua kaleratuko da.

 

Ball x Pit

  • Argitaratze data: 2025-10-15
  • Garatzailea: Kenny Sun / Devolver Digital
  • Generoa: Arkade, roguelike
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series

Roguelike jokoekin jarraitzen dugu, oraingoan oinarri ero berriarekin. Arkanoid estiloko jokagarritasuna proposatzen du Ball x Pit bitxiak: ikuspegi isometrikoarekin, amildegitik datozen etsai madarikatuen armadari dozenaka bola jaurti beharko zaizkio garaipena eskuratzeko.

Partida hasieran heroi desberdinen artean hautatuko dugu, bakoitza bere bola bereziekin. Jokatu ahala, efektu zoroak desblokeatuko ditugu, suzko bolak, lurrikarak edo fusioak lortuta. Borroken tartean New Ballbylon izeneko herria eraikitzen ariko gara, baliabideak eta sekretuak desblokeatuz amildegian are gehiago barneratu ahal izateko. Orduak galtzeko jokoa, Steam-en joka dezakegun doako probak argi uzten du.

 

Pokémon Legends: Z-A

  • Argitaratze data: 2025-10-16
  • Garatzailea: Game Freak / Nintendo, The Pokémon Company
  • Generoa: JRPG, abentura
  • Plataformak: Switch 2, Switch

Legends azpisagako bigarren jokoa jasoko du Pokémonek. Lumiose City hirira bidaiatuko dugu berriro: Pokémon X eta Y jokoetako gune nagusienetakora, alegia. Denbora errealeko mekanikak nabarmenduko dira, txandakako borrokak alboratuz, baina sakelako munstroen espiritua mantenduz.

Gune basatietan ariko gara piztien aurka borrokatzen eta hauek harrapatzen, baina txapelketak eta bere istorioa bilduko ditu Z-Ak. Zaleek behin eta berriz eskatutako megaeboluzioen itzulera jazoko da, gainera: Raichu, Chesnaught, Delphox, Greninja zein beste hainbat pokémonen mega bertsioak ikusiko ditugu.

Switch originalean merkaturatuko da Pokémon Legends: Z-A; halere, Switch 2an hobetutako atal grafikoarekin jokatu ahalko da.

 

Keeper

  • Argitaratze data: 2025-10-17
  • Garatzailea: Double Fine Productions / Xbox Game Studios
  • Generoa: Plataformak, puzzleak
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Tim Schafer zuzendaria eta Double Fine taldekoak obra bereziarekin eta xarmagarriarekin datoz. Hitzik gabe kontatutako istorio honetan magikoki bizitzara ekarritako itsasargi ibiltaria izango gara. Txori bitxiarekin batera hasiko duen bidaian kolorez betetako inguruneak eta toki xelebreak zeharkatuko ditugu.

Plataformak eta puzzleak uztartuz, atal estetiko zoragarria eratu dute egileek: ikusi beharreko obra da Keeper.

 

Ninja Gaiden 4

  • Argitaratze data: 2025-10-21
  • Garatzailea: PlatinumGames, Team Ninja, Koei Tecmo / Xbox Game Studios
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Ryu Hayabusa ninja odoltsuak abentura modernoen laugarren atala jasoko du, azkenik. Ez da Ninja Gaiden 4ko protagonista bakarra izango: Yakumo izeneko ninja gaztea ere gidatuko dugu etorkizuneko mundu ilunean ehundaka deabru akabatzeko.

Hack and slash erako duelu zailak eta frenetikoak, odol mordoa eta armategi zabala eskainiko ditu. Zorionez, zailtasun maila doitzeko aukerak edukiko dituzte jokalariek.

 

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2

  • Argitaratze data: 2025-10-21
  • Garatzailea: The Chinese Room / Paradox Interactive
  • Generoa: Akzioa, RPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Garapen prozesu konplexuaren ondoren —Hardsuit Labs estudioak iragarri zuen proiektua 2019an, azkenik The Chinese Roomen esku geratzeko—, Bloodlines 2 probatzeko garaia heldu da. Originala benetan maitatua da jokalarien artean, eta bigarrenak antzeko immersive sim kutsua mantenduko du, nola ez, banpiroen mundu ilunean.

Seattle hirian bederatzi gau igaroko ditugu Phyre banpiro zaharraren azalean, baina ez da bakarrik egongo: malkavian klaneko banpiro detektibea entzungo du bere buruan. Botereak berreskuratzen dituen bitartean, mahaijokoaren unibertsoko pertsonaiak ezagutuko ditugu lehen pertsonako RPG honetan.

 

Dispatch

  • Argitaratze data: 2025-10-22
  • Garatzailea: AdHoc Studio
  • Generoa: Estrategia, nobela bisuala
  • Plataformak: PC, PS5

Superheroiak ardatz dituen lana da Dispatch, baina borroka ikusgarrietatik eta mundu irekietatik aldentzen da. Horren ordez, Telltale Games estudioko beteranoek sortutako AdHocek estrategia joko berezia dakarte: bulegari lanetan ariko gara.

Robert Robertson izango gara: Mecha Man superheroia. Armadura berezia galdu ondoren, superheroien larrialdi zerbitzuko teknikari bilakatuko da. Superbilau ohien taldea gidatu beharko dugu lanegun bakoitzerako taldea osatuta, eta, tartean, erabakiak hartuta. Atalkako formatuan estreinatuko da: bi atal jasoko ditugu argitalpen egunean; gainerakoak, ondorengo lau asteetan kaleratuko dituzte.

 

Once Upon a Katamari

  • Argitaratze data: 2025-10-24
  • Garatzailea: Rengame / Bandai Namco
  • Generoa: Arkade, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch Xbox Series

“Izar bakarti birakaria zara!”. Katamari unibertsoko joko berria jasoko dugu azkenik. 2011tik desagertuta ibili da, baina, azken urteotako birmasterizazioekin berpiztu ondoren, titulu handiarekin ikusiko dugu kosmosaren printzea. Aro nahiz garai desberdinak bisitatuko ditu oraingoan: jurasikora, izotz arora edo Erdi Aro japoniarrera bidaiatuko du.

Xarmaz betetako umorea, 68 pertsonaia eta biraka gidatu beharreko katamari bola, ez da besterik behar. Katamariarekin kokalekuetako ezaugarriak xurgatzen joango gara, zeruan izarrak eratzera iristeraino.

 

The Outer Worlds 2

  • Argitaratze data: 2025-10-29
  • Garatzailea: Obsidian Entertainment / / Xbox Game Studios
  • Generoa: Akzioa, RPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Obsidianek lehen pertsonako RPG abenturekin jarraitzen du. Urte hasieran Avowed argitaratu ostean —Grounded 2rekin ere badabiltza— The Outer Worldsen jarraipena ikusiko dugu urria bukatu aurretik.

Espazioko Arcadia kolonia ezagutuko dugu. Gizadia deusezta dezakeen arriskuari aurre egiteko laguntza bila hasiko gara, baina laster batean bertako fakzio desberdinak ezagutuko ditugu: helburu desberdinekin, nori lagundu erabaki beharko dugu, planeta salbatu nahi badugu, behintzat.

 

Dragon Quest 1+2 HD-2D Remake

  • Argitaratze data: 2025-10-30
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: JRPG, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series

Hirugarren Dragon Quest jokoaren berregitearen ondoren —eta otsailaren VIIarena iritsiko da—, lehen biekin gauza bera egingo du Square Enixek. JRPG mitikoen atal grafikoa zaharberrituko da HD-2D estiloarekin: hau da, pertsonaiak eta izakiak 2D sprite berriekin egindakoak dira; kokalekuak, berriz, 3D estiloan sortutakoak.

Fantasiazko munduan barneratuko gara bi jokoetan: Gazteluak, printzesak eta herrixka maitagarriak munstroz jositako ziegekin, galdutako tenpluekin eta esploratzeko bestelako tokiekin batuko ditu. Estetika ederra, soinu banda zoragarria nahiz istorio klasikoak, JRPG zaleentzat.

 

Mina the Hollower

  • Argitaratze data: 2025-10-31
  • Garatzailea: Yacht Club Games
  • Generoa: Akzioa, abentura, plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series, Xbox One

Indiekin bukatuko dugu hilabetea, eta ez edozein estudiorekin. Shovel Knight dibertigarriaren garatzaileak aspaldi iragarritako Mina the Hollower kaleratuko dute azkenik. Retro jokagarritasunera itzuliko dira berriz, baina, oraingoan, Super Mario alboratu, eta The Legend of Zelda-ri begira jarriko dira.

Link’s Awakening bezalako klasikoen pausoak jarraitzen dituen lanaren aurrean gaude. Sagu txikia kontrolatuz, borrokatzen, esploratzen eta salto egiten ariko gara madarikatutako viktoriar estiloko erresumatik.