Azken egunotako iragarpenak errepasatu ditugu. Garrantzitsuena: Star Citizen berriz berandutu dute.
A ze astea! “Lander, asteartea da”. Egun oso interesgarriak bizi ditu bideojokoen munduak, denetariko iragarpenekin, baina guztiak argitaratu ezinik ibili gara.
PlayStation-en joko handienetako bat PCra dator, uste baino lehenago; Remedy-koek bideojoko berria erakutsi digute; azkenik, Vampire Survivors eta Castlevania elkartu dira; Hades IIk sarbide goiztiarrean jarraitzen du, baina ikaragarrizko eguneraketa jasota; betiereko Star Citizen-ek azken berritasunak eskaini dizkigu CitizenCon aurkezpenean; bukatzeko, Banjo eta Kazooie bueltan dira Nintendo Switch Online zerbitzuan.
Game Erauntsia ere jo eta su ibili da egunotan —horregatik laburpentxo hau!—, baina geroxeago izango duzue horren berri. Oraingoz, sakon dezakegun aipatutakoetan:
- Marvel’s Spider-Man 2 urtarrilaren 30ean estreinatuko da PCan. Ustekabeko ederra hartu dute ordenagailukoek, PlayStationek ez baitute bi urte itxaron nahi izan jokoaren port-a prestatzeko. Nixxes arduratuko da berriz Peter Parker eta Miles Morales superheroien abentura moldatzeaz.
- FBC: Firebeak Control-en unibertsoan girotutako FPS kooperatiboa da. 2025ean ikusiko dugu PS5 eta Xbox Series kontsoletan, baita PCan ere. Oraingoan Steam bidez ere jokatu ahalko dugu, Remedy Entertainment-ek argitaratutako jokoa izango baita.
- Vampire Survivorsek Castlevania omenduko du —eta alderantziz— urriaren 31n. Konami-ren frankiziako 20 pertsonaia, Belmont familia ia osoa barne, 40 arma, 30 abesti eta esploratzeko Castlevania gaztelu erraldoia bilduko dituzte ordainpeko eduki gehigarrian. Poncle-k bizitza pasatu du.
- Hades IIren sarbide goiztiarrak The Olympic Update eguneraketa jaso du. Eskualde berria, arma bat, aurreko tresnentzako itxurak eta botereak, erronkak, adiskideak eta bikoiztutako 2.500 hizketaldi dakartza. Aurretiazko sarbidean egon arren, gure aurrerapenean ikaragarrizko jokoa dela esan genuen.
- Star Citizenen Squadron 42 2026an estreinatuko da azkenik. Edo, hori espero dugu. CitizenCon aurkezpenean ordubeteko jokaldi luzea erakutsi zuten; lasai, kanpainak 30 eta 40 ordu artean iraungo du-eta.
- Banjo-Tooie Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuan estreinatu da. Hartzaren eta txoriaren abenturen jarraipen maitatua bezain gorrotatua Nintendogana itzuli da. Mumbo Jumbo xamanak berriz lagunduko die Grunty sorgina garaitzen 2000. urteko bideojokoaren berrargitalpenean.
- Like A Dragon Pirate Yakuza in Hawaii-k ontzi gaineko borroka eroak aurkeztu ditu. Esandakoa baino astebete lehenago kaleratuko dute, gainera, Goro Majima mafioso pirataren abentura: otsailaren 21erako agindu dute Ryu Ga Gotoku Studio-koek.
Iruzkinak