The Legend of Zelda: Skyward Sword HD, Splatoon 3 eta askoz gehiago iragarri dituzte aurkezpen digitalean.
Nintendok 2019ko irailaren 4an egin zuen Nintendo Direct aurkezpenetik urte eta erdi igaro dira. Ordutik hona beste azpititulu bat zeukaten hainbat aurkezpen digital ikusi dituzte zaleek, baina Kiotokoek azkenean erabaki dute bideo-jokoen aurkezpenak aldatzera eraman zituen formatu orokorrera bueltatzea.
Hori bai, asteazken gauen ez zuten The Legend of Zelda: Breath of the Wilden jarraipenari edota Metroid Prime 4ri buruzko berritasunik eskaini. Halere hainbat iragarpen egiteko aprobetxatu zuten, genero guztietako jokoak erakutsita 50 bat minutu iraun zituen bideoan. Printzipioz 2021eko lehen seihilabeterako aurreikusitako jokoak erakutsi behar izan zituzten aurkezpenean, baina Nintendok bere buruari ezarritako araua hautsi zuen behin eta berriz.
Aurkezpena aurretik agindutakoarekin hasi zuten, Super Smash Bros. Ultimatekin hain zuzen ere. Xenoblade Chronicles 2ko Pyra eta Mythra pertsonaiak batuko dira Nintendoren borroka jokora martxoan. Masahiro Sakurai zuzendaria hitz egin gabe geratu zen, baina borrokalariak argitaratu aurretik horien berri emateko agerpenen bat egingo duela suposatzekoa da.
Dagoeneko beste plataforma batzuetan ikusi diren Fall Guys: Ultimate Knockout party joko arrakastatsua eta Outer Wilds esplorazio eta puzzle joko bikaina Switchera iritsiko dira uda honetan.
Nintendoren klasiko batzuen itzulera ikusiko dute jarraitzaileek. Famicom Detective Club: The Missing Heir eta Famicom Detective Club: The Girl Who Stands Behind eleberri bisualen remakeak garatzen ari dira N Handikoak. Jatorriz 80ko hamarkada bukaeran NESerako kaleratutako jokoak dira; mendebaldean estreinatuko diren lehen aldia izango da.
Koei Tecmok bere ohiko musou jokoen abentura berria iragartzeko aprobetxatu zuen Directa. Samurai Warriors 5 udan argitaratuko da. Switchean jokatzeaz gain PC, PlayStation 4 eta Xbox Onerako ere kaleratuko dute japoniarrek. Legend of Mana maitatuaren birmasterizazioa ere ikusi zen aurkezpenean: ekainaren 24an estreinatuko da Switchean, baita PC eta PS4an ere.
Martxoaren 26an iritsiko da Monster Hunter Rise Switchera, eta Capcomek saga arrakastatsuaren abentura berriari buruzko xehetasunak aurkezteko erabili du beste batez Nintendok eskainitako espazioa. Trailerrarekin munstro berriak ezagutu dituzte zaleek.
Mario kirolekin jarraituko du Nintendoren kontsola hibridoan. Mario Tennis Acesen ostean Mario Golf Super Rushen ordua da. Wiian egin bezala mugimendu bidezko kontrolekin jokatzea ahalbidetzeaz gain, jokalari bakarrarentzako historia joko mota edukiko du. Ez hori bakarrik, Speed Golf izeneko modalitateak partida zoroak ekarriko ditu golfaren mundura. Ekainaren 25ean merkaturatuko da.
Aspaldiko joko ezagunekin jarraitu zuten Directa. Tales from the Borderlands abentura grafikoa martxoaren 24an kaleratuko da Switchean; gainerako plataformetan berriz azaldu da, orain arte saltoki desberdinetatik kendu ondoren Telltale Gamesen itxieraren ostean. Klasikoak biltzen dituen Capcom Arcade Stadium dagoeneko argitaratu da Nintendoren kontsolan; Arcade Stadiuma osatzen duten 32 bideo-jokoak hiru bilduma desberdinetan banatu dute. 2005ean argitaratutako Stubbs the Zombie in Rebel Without a Pulse martxoaren 16an iritsiko da Switch, PS4 eta Xbox Onera.
No More Heroes IIIren argitaratze data zehaztu zuten azkenean Grasshopper Manufacturek: abuztuaren 27an itzuliko da Travis Touchdown abentura zoro berri batekin.
Ben Espositok Annapurna Interactiveren laguntzarekin prestatzen ari den obra berria erakutsi zuen. Neon Whiten ziztu bizian saltoka eta tiroka ariko dira jokalariak; karta sistema bat erabilita egin beharko dituzte horiek. Aurten kaleratzea aurreikusten dute arduradunek, negu bueltan; PCrako ere estreinatuko da.
Plants vs Zombies Battle for Neighbourville eta DC Super Hero Girls: Teen Power martxoaren 19an eta ekainaren 4an kaleratuko dira, hurrenez hurren. Jatorriz 3DSan ikusitako Miitopia Switchera iritsiko dela dirudi: maiatzaren 21ean estreinatuko da Miiak protagonista bezala dituen RPG hori. Animal Crossing: New Horizons Marioren 35. urteurrena ospatzera animatuko da martxoaren 1etik aurrera iturginaren erropa eta objektuak jokora gehituta.
Aurkezpeneko jokorik interesgarrienetako bat Project Triangle Strategy izan zen. Octopath Travellerren garatzaileek RPG horren atal estetikoa hartuta Final Fantasy Tactics gogora ekartzen duen rol jokoa prestatzen ari dira. Square Enixek 2022an kaleratzea aurreikusten duen arren, doako froga jaitsi daiteke jada eShopetik.
Apple Arcade saltokian argitaratutako World’s End Club Switchera helduko da maiatzaren 28an Danganronpa sagaren arduradunen eskutik. Team Ninjaren trilogia ezagun zein zaila Nintendoren kontsolan estreinatuko da, baina baita PC, PS4 eta Xbox Onean ere: Ninja Gaiden: Master Collectionek akziozko hiru jokoak batuko ditu. Zeldaren bigarren musou jokoak eduki gehigarriak jasoko ditu Expansion Pass batekin. Hyrule Warriors: Age of Calamityk pertsonaia, kokaleku, arma eta erronka berriak jasoko ditu ekainean, eta berriz azaroan.
Bravely Default II estreinatzeko egun gutxi falta dira. Otsailaren 26an iritsiko da Square Enixen JRPG sagaren abentura, eta hori ospatzeko trailer berria erakutsi zuten Directean. Rol joko japoniarrekin jarraituz, SaGa Frontier Remastered apirilaren 15ean argitaratuko du enpresa berberak.
Capcomek Ghosts ‘n Goblins Resurrectionen irudi berriak erakutsi ditu. Otsailaren 25ean merkaturatuko dute klasiko honen remakea. Apex Legendsen Switcheko bertsioa ikusgai izan zen aurkezpen digitalean; doako battle royale hau ere laster helduko da kontsola hibridora, martxoaren 9an hain zuzen ere.
Hades indie roguelike abentura arrakastatsuak edizio fisikoa jasoko du Switchean. Martxoaren 19an jokoa, arte liburu fisikoa eta soinu banda digitala batuko ditu edizio honek.
Japonierazko Nintendo Directean mendebaldea ikusi ez zen joko bat erakutsi zuten. Shin-Chan manganime ezaguneko mutiko alai, bihurri eta azkarra Crayon Shin-chan: Ora to Hakase no Natsuyasumi – Owaranai Nanokakan no Tabi izen luzea daukan atal estetiko ederreko abenturatxoaren protagonista izango da. Millennium Kitchen garatzailearen jokoa Japoniarako soilik aurreikusita dagoen arren, proiektuaren zuzendariak mendebaldera ekartzeko gogoa adierazi du.
Lehen aipatu bezala, The Legend of Zelda: Breath of the Wilden jarraipena ikusi gabe geratu ziren Linken zaleak azken Direct honetan. Eiji Aonuma zuzendaria agertu zen aurkezpenean barkamena eskatzeko. Nintendoren saga famatuenetakoa denak 35. urteurrena beteko du igande honetan; hori dela eta, zaleak pozik geratzeko zerbait iragarri zuten japoniarrek.
2011. urtean Wiirako estreinatutako The Legend of Zelda: Skyward Swordek birmasterizazioa izango du Switchean. Zeldaren 25. urteurreneko jokoa zenak apustu linealago baten alde egin zuen elezaharraren jatorria suposatzen zuen istorioa kontatzeko.
Wiimote Plus deitutako agintea erabiltzen zuen jokoak ezpata eta gainerako tresnak kontrolatzeko; Switchean mugimendu bidezko kontrolekin jokatzeaz gain botoiak eta stickak erabilita aritzeko aukera eskainiko dute. Modu horretara kontsola modu eramangarrian erabiltzerakoan jokatzea ahalbidetuko dute.
Birmasterizazioak bereizmen areagotua izango du, 480p-tatik urrunduta. Halere, ez dituzte Wind Waker HD eta Twilight Princess HD birmasterizazioek Wii Uan jasotako hobekuntza zehatzik aipatu. Ekainaren 16an kaleratuko da The Legend of Zelda: Skyward Sword HD.
Nintendo Directa bukatzeko azken ezustekoa gorde zuten Kiotokoek: Splatoonek hirugarren abentura izango du 2022an. Shooterrean Splatlands izeneko kokalekua ezagutuko dute jokalariek. Gune berriaz gain orain arte ikusi gabeko armak ere edukiko ditu, nola ez. Xehetasun askorik eman gabe itxi zuen Nintendok bere aurkezpena, baina gameplayaren irudi gutxi batzuk ikusi ahal izan ziren.
Nintendo Direct osoa ikusteko, sakatu hemen.
Iruzkinak