Plataforma guztiek jasoko dituzte denetariko tituluak: Pikmin 4, Exoprimal edo Oxenfree II dira hilabete honetako argitalpenik handienak.

Uztailean sartuta, hilabeteko estreinaldirik esanguratsuenak errepasatzeko garaia da. Egia esan, ekaina eta abuztua izan ohi dira udako hilabeterik indartsuenak; uztailean erritmo pixkat makalagoa ikusiko dugu argitalpenen aldetik. Horrez ez du jokorik gabe geratuko garela esan nahi: uztailean ere badago zer edo zer probatu.

Izan ere, plataforma guztientzako jokoak jasoko ditugu datozen egunotan; ez hori bakarrik, genero aldetik ere ondo hornituta ibiliko gara. Pikmin 4 bezalako esplorazio eta puzzle abentura ederrean, Exoprimalen tiroketa kaotikoan zein Oxenfree II: Lost Signals abentura grafikoko gidoi interesgarrian murgilduko gara laster.

 

Synapse

  • Argitaratze data: 2023-07-04
  • Garatzailea: nDreams
  • Generoa: Akzioa, VR
  • Plataformak: PS5 (PS VR2)

Errealitate birtualeko bideojokoetan adituak dira nDreamsekoak, eta dagoeneko kaleratu duten Synapse interesgarriarekin kalitate aldetik hurrengo mailara heldu nahi dute. Tiroketa bizkorrak, ikusgarriak eta eroak dira tituluak proposatuko dizkigunak: botere sorta zabala erabilita lehen pertsonako akzio eszena zirraragarriak biziko ditugu.

PlayStation 5eko esklusiboa izanik, PS VR2 gailuetan soilik joka dezakegu abentura honetan.

 

Oxenfree II: Lost Signals

  • Argitaratze data: 2023-07-12
  • Garatzailea: Night School Studio
  • Generoa: Abentura grafikoa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Android, iOS

Oxenfree originala horren maitatua izanik, ez da harritzekoa bigarren atalak begirada mordoa erakartzea ibiltzea. Camena kostaldeko herrira bidaiatuko dugu uhin elektromagnetiko bitxiek eragindako misterioa argitzeko.

Narratiba sakona, atal estetiko berezia bezain ederra eta hartzeko erabaki mordoa ikusiko ditugu Oxenfree II: The Lost Signalsen. PCan zein PlayStation eta Switch kontsoletan estreinatzeaz gain, gailu mugikorretara iritsiko da Netflix harpidetza bidez.

 

Exoprimal

  • Argitaratze data: 2023-07-14
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: Akzioa, multijokalaria
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Capcomekoen urteko estreinaldietako bat dugu Exoprimal. Akzio hutsera bideratutako jokoa dirudien arren, dagoeneko betak probatzeko aukera eduki dutenek obra benetan dibertigarria dela azpimarratzen dute; horrela izan beharko, bere proposamenak gogaitzen bagaitu sekulako porrota izango litzateke-eta.

Exoeskeleto futuristak ehundaka dinosauroren aurka. Horixe da, gutxi gorabehera, hemen ikusiko duguna: tiroak, botere bereziak, buruzagi erraldoiak, eta, batez ere, online partidak biziko ditugu Exoprimalen.

 

Pikmin 4

  • Argitaratze data: 2023-07-21
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura, esplorazioa
  • Plataformak: Switch

Nintendokoen hurrengo bideojoko handia Pikmin saga maitatuaren, baina askorentzat ezezagunaren laugarren atala izango da. Frankiziari izena ematen dioten izakitxoak bilduta, hauen botereez baliatuko gara mundu erraldoia eta arriskutsua esploratzeko, baita altxor bitxiak gure ontzira eramateko ere.

Uztailaren 21era itxaron nahi ez dutenek sagako lehen bi jokoetan aritzeko aukera daukate; izan ere, Nintendok Pimin 1+2 HD bilduma estreinatu zuen orain egun batzuk Switchean.

 

Remnant II

  • Argitaratze data: 2023-07-25
  • Garatzailea: Gunfire Games
  • Generoa: Tiro jokoa, multijokalaria
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Remnant From the Ashes askoren radarraren azpitik igaro zen arren, jokatu zutenek balorazio apartak ematen zizkioten Gunfire Gamesen tiro joko kooperatiboari, eta jarraipenarekin lehenengoan egindakoa hobetzeko asmoarekin datoz.

Dark Souls-en girotzea eta mekanikak roguelike ezaugarriekin nahiz su armekin uztartzen ditu Remnant II itxurosoak: izaki beldurgarrien aurka egingo dugu, baita jainko izugarrien kontra ere. Gure pertsonaia hobetzeko elementu mordoa desblokeatuko ditugu, armak, botereak zein itxura eraldatuz.

 

Ratchet & Clank: Rift Apart

  • Argitaratze data: 2023-07-26
  • Garatzailea: Insomniac Games / PlayStation
  • Generoa: Plataformak, abentura
  • Plataformak: PC

PlayStation 5eko beste esklusibo handietako bat ordenagailuetan jokatzeko aukera edukiko dugu uztail bukaeran. Oraingo honetan Insomniac Gamesekoen azken Ratchet & Clanki buruz gabiltza: ohiko plataformak eta tiroketak elkartuko ditu, aldi berean atal tekniko bikaina erakutsiz.

Beti bezala, PCko bertsioak denetariko hobekuntza grafikoak jasoko ditu. Pantaila ultrazabalentzako euskarria edo izpien tradazura areagotua dira, besteak beste, PlayStationek nabarmendutakoak.