Beroari aurre egiteko bideojokoak barra-barra datoz: Wuchang Fallen Feathers, Wheel World edo Patapon 1+2 ere ikusiko ditugu.
Uztailean berotuta sartu gara, baina, lasai, bideojoko berrien eskaintza interesgarriak biziberritzeko balioko baitigu. Donkey Kong Bananza, Tony Hawk’s Pro Skater 3+4 berregiteen bilduma edo Ninja Gaiden: Ragebound bizkorra dira, besteak beste, egunotako protagonistak.
Ez dira jasoko ditugun joko bakarrak izango: Wuchang Fallen Feathers, Wheel World, Patapon 1+2… AAA tituluak zein indie itxurosoak datoz, beraz. Ohi bezala, estreinaldirik handienen zerrenda txikia prestatu dizuegu.
Mario Smash Football (Super Mario Strikers)
- Argitaratze data: 2025-07-03
- Garatzailea: Nintendo
- Generoa: Kirola
- Plataformak: Switch 2
Mariok eta lagunek futbolarekin izandako lehen kontaktua berriz bizitzeko aukera egongo da egunotan. Mario Smash Football GameCube kontsolan 2005. urtean estreinatutako obra maitatua da: Switch 2 berriko Nintendo Switch Online harpidetzaren baitan jokatu ahalko dugu orain.
Iturginarenak ez dira futbol partida arruntak, nola ez: objektuak, tiro boteretsuak eta bestelakoak ikusiko ditugu arkade kutsu nabarmena daukan joko dibertigarri honetan.
Everdeep Aurora
- Argitaratze data: 2025-07-10
- Garatzailea: Nautilus Games
- Generoa: Abentura, plataformak
- Plataformak: PC, Switch
Apokalipsi osteko lurrazpiko mundua esploratuko dugu katu antropomorfikoaren Everdeep Aurora interesgarrian. Mapa zabalean denetariko pertsonaiak, misterioak eta erronkak aurkituko ditugu: objektuak lortutako are sakonago barneratzen joango gara.
Game Boy eramangarriko jokoetan oinarritutako estetika begietatik sartzen den horietakoa da: kolore gutxirekin mundu erakargarria eta koloretsua eratu dute Nautilus taldekoek.
Tony Hawk’s Pro Skater 3+4
- Argitaratze data: 2025-07-11
- Garatzailea: Iron Galaxy Studios / Activision
- Generoa: Kirola, arkade
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Switch 2, Xbox Series, Xbox One
Tony Hawken itzulera ikusiko dugu (beste behin), bere hirugarren eta laugarren jokoen berregiteekin batera. THPS 3 zein 4 benetan maitatuak dira zaleen artean, baina berritasun ugari prestatu dituzte Activisionekoek: adibidez, soinu banda originala mantendu da, baina abesti berriak ere entzungo ditugu.
Multijokalariarekin, skater berriekin eta beste hainbat berrikuntzarekin batera, udari aurre egiteko bideojoko aproposa izango da bilduma hau.
Patapon 1+2: Replay
- Argitaratze data: 2025-07-11
- Garatzailea: SAS / Bandai Namco
- Generoa: Abentura, erritmo jokoa
- Plataformak: PC
Egia da egunotan Ratatan entzun eta entzun gabiltzala: Pataponen egileen obra berria zein oinordeko espirituala uztailean estreinatuko da baita —uztailaren 24an, zehazki—, baina, aurretik PSP eramangarriko klasikoen itzulera biziko dugu.
Atal grafikoan hainbat hobekuntza eta aldaketa ikusiko ditugu bertsio berrian, baina tribu bitxia osatzen duten izaki txikiak danborraren doinuarekin gidatzea mantentzen da: jotzen ditugun noten arabera ekintza desberdinak aginduko dizkiogu gure armadari.
Donkey Kong Bananza
- Argitaratze data: 2025-07-17
- Garatzailea: Nintendo
- Generoa: Abentura, plataformak
- Plataformak: Switch 2
Nintendoren urteko estreinaldietako bat Donkey Kong tximuarena dugu. Bananzarekin hiru dimentsioetara itzuliko da N64ko garaietatik; aldi berean, mekanika eta proposamen berritzaileak ekarriko dizkigu.
Lurrazpian barneratuko gara Pauline adiskidearekin batera, Lurraren erdigunea aurkitzeko asmoarekin. Bidean dena suntsitzen ariko gara, DK meatzari bihurtuko baita oraingoan: hormak, lurrak eta sabaiak apurtuko ditugu baliabideak eta altxorrak aurkitzeko. Transformazioak, abilezia bereziak, sekretuak eta askoz gehiago bilatuko ditugu gure abenturetan, guztia atal estetiko biziarekin eta ederrarekin apainduta.
The Wandering Village
- Argitaratze data: 2025-07-17
- Garatzailea: Stray Fawn Studio
- Generoa: Estrategia, kudeaketa
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Switch 2, Xbox Series, Xbox One
Sarbide goiztiarrean egon den estrategia titulu bereziak 1.0 bertsioa merkaturatuko du. Hiriak eraikitzea eta hauek kudeatzea proposatzen digu: landare bitxi batzuen ondorioz gizadia ia desagertu ondoren, gure herrixkako buruzagian bilakatuko gara.
Bizirauteko bidaiak gako garrantzitsua dauka: gure lurrak animalia ibilitari erraldoiaren gainean daude kokatuta. Klima zeharo alda daiteke gure herriarentzat, sekulako ondorioak eraginda: horiei aurre egiteko prest egon beharko gara.
Shadow Labyrinth
- Argitaratze data: 2025-07-18
- Garatzailea: Bandai Namco Studios
- Generoa: Metroidvania, abentura
- Plataformak: PC, PS5, Switch, Switch 2, Xbox Series
Metroidvania bitxia dugu Shadow Labyrinth. Pac-Man klasikoaren elementu gutxi batzuk hartuta —Secret Level telesaileko Pac-Man: Circle atalak egin modura— planeta misteriotsua esploratzeari ekingo diogu.
Zortzigarren ezpataria izango gara: PUCK orbe horiak esnatutako pertsonaia. Aurkituko ditugun arerioak kontsumitzeko eta hauen abileziak bereganatzeko ahalmenarekin, harrapakin izatetik ehiztaria bilakatzera igaroko gara.
Wheel World
- Argitaratze data: 2025-07-23
- Garatzailea: Messhof / Annapurna Interactive
- Generoa: Kirola
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One
Txirrindu magikoa gidatuko dugu Wheel Worlden unibertsoa salbatzeko bidaiari ekiteko. Cel shading estetikarekin kokaleku ederrak zeharkatuko ditugu, pertsonaia bitxiak ezagutu, eta gure bizikleta hobetzeko baliabideak eskuratu.
Lasterketen aldetik dator erronka: pixkanaka konpondutako txirrinduarekin norgehiagoka zirraragarriak biziko ditugu mundu magikoan zehar.
Wuchang: Fallen Feathers
- Argitaratze data: 2025-07-24
- Garatzailea: Leenzee / 505 Games
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Soulslike jokoak egokiak ote dira udan? Wuchangekin ikusi beharko dugu. Leenzee talde txinatarrak XVII. mende hasierako Txinara eramango gaitu jokoaren izen bera daukan pirataren rola jokatzeko.
Borroka zailak biziko ditugu, nola ez, hobetzen eta hedatzen joango garen armategia lortuta: erakutsitako bideoetan ikusitako tresnak zeharo ikusgarriak dira. Erabakien presentzia berebizikoa izango omen da, istorioa nabarmen aldatzea ahalbidetuz.
Grounded 2
- Argitaratze data: 2025-07-29 (sarbide goiztiarra)
- Garatzailea: Obsidian Entertainment / Xbox Game Studios
- Generoa: Biziraupena, abentura
- Plataformak: PC, Xbox Series
Obsidian taldeak azken Xbox Games Showcase aurkezpenean ustekabean iragarritako Grounded 2 sarbide goiztiarrean estreinatuko da hilabetea bukatu aurretik. Originalaren proposamen berbera ikusiko dugu jarraipenean, handiagotuta —edo, kasu honetan, txikiagotuta—.
Brookhollow parkea esploratzeari ekin beharko diogu tamaina ñimiñoko adiskideekin batera. Esploratzeko mundu zabalagoa, intsektu gehiago, eta hauen gainean ibiltzeko aukera eskainiko digute oraingoan baliabideak biltzen eta borroketan parte hartzen gabiltzala.
Ninja Gaiden: Ragebound
- Argitaratze data: 2025-07-31
- Garatzailea: The Game Kitchen / Dotemu
- Generoa: Akzioa, plataformak
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Switch 2, Xbox Series, Xbox One
Blasphemous bikainen egileek Ninja Gaiden abentura berria eskainiko digute Rageboundekin. 3D hack and slash tituluetatik urrundu —gogoratu NG 4 ere badatorrela urrian—, eta sagaren erroetara joko dute akzioz betetako 2D abentura proposatzeko.
Kenji Mozu ninja gaztearekin ezpatakadaka eta jauzika ibiliko gara, bidean erasoak desbideratuz eta ekintza ikusgarriak burutz. Sekulako itxura dauka, eta, demoa probatu ondoren, jokatzeko gogotsu gabiltza: Steam plataforma aurki daiteke doako proba.
Iruzkinak