Atal grafiko eta soinu eraberrituak edukiko dituzte. IV, V eta VI atalak beranduago merkaturatuko dituztela adierazi du Square Enix-ek.
Final Fantasy Pixel Remaster birmasterizazioen bilduma argitaratzeari ekingo dio Square Enixek uztailaren 28an. Lehen txandarako Final Fantasy I, Final Fantasy II eta Final Fantasy III merkaturatuko ditu PC-rako Steam bidez eta Android zein iOS gailuetarako.
“Pixelen birmasterizazio” hauek atal grafiko eta soinu guztiz berriekin helduko direla adierazi dute arduradunek. Kazuko Shibuya artistaren diseinu originalak eraberritu egingo dituzte bertsio hauetarako, eta Nobuo Uematsu musikagileak gainbegiratutako soinu banda zaharberritua izango dute hiru abenturek.
Modu horretara ziurrenik JRPG frankizia ezagunena denaren lehen ataletara berriz jokatzeko aukera eskainiko dute. Hori bai, joko originalek zeukaten edukietara mugatuko direla dirudi: ez dago argi beranduago argitaratutako port eta bertsio berrietan gehitutako edukiak jasoko dituzten Pixel Remaster hauek.
Bakoitza 11,99 eurotara argitaratuko dute, baina estreinatu aurretik %20-ko beherapenarekin eskuratu ahalko dira.
Lehen hiru atalak argitaratu ostean Final Fantasy IV, V eta VI jokoekin gauza berbera egingo dute. Square Enixek ez du zehaztu azken hauen argitaratze data.
Iruzkinak