The Elder Scrolls V: Skyrim-en mod batetik jaiotako obra da. Antzinako Erroma, hilketak eta denboran bidaiak batuko ditu.
Hiru garatzailek osatutako Modern Storyteller estudioak zehaztu du azkenik bere lehen bideo-jokoaren argitaratze data. The Forgotten City-ko puzzleak uztailaren 28an abiaraziko dituzte.
Jokoaren garapenaren istorioa benetan interesgarria da. Izan ere, The Elder Scrolls V: Skyrim famatuaren mod bezala jaio zen The Forgotten City. Bertan ikusitakoak hedatu eta hobetu egingo ditu joko osoak: estudiokoek lau urte daramatzate lanean, AEB-etako gidoilarien sindikatuak saritutako gidoi originala eraberritu egin dute eta istorio zein amaiera berriak gehitu dizkiote.
Skyrimeko borrokak alde batera utzi eta ikerketak izango dira bertsio berriaren ardatza. Galdeketak ohikoak izango dira abenturan: jokalarien helburu nagusia 2.000 urtez atzera bidaiatu eta erromatarren hiri batean gertatzen ari diren hilketak ekiditea izango da.
Denboran bidaiatzearena etengabe gertatuko den zerbait da: izan ere, hiri madarikatu horretan pertsona bakar batek bekatu eginda biztanle guztiak hilko dira. Kale egiterakoan buklea berriz hasi beharko da, “behin eta berriz gozatu daitekeen istorioa eratuta”.
Galdeketetan galderak arrazoitu edota biolentzia erabili dezakete jokalariek; norbere esku egongo da bekataria aurkitzeko bide aproposa bilatzea. Hiria xehetasunez beteta egongo dela diote garatzaileek, eta historiko benetakoak izango diren elementuak bilduko dituzte bertan: artea, eraikinak, kultura eta elementu gehiago zainduta egongo dira.
The Forgotten City PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara iritsiko da uztailaren 28an. Nintendo Switcherako bertsioa ere ziurtatu dute arduradunek, baina ez dute argitaratze datarik zehaztu.
Iruzkinak