Game Pass harpidetzan eskainiko dute Iron Gate Studio-ren titulua. PC-ko erabiltzaileekin plataforma arteko jokoa agindu dute.

Valheimen Xboxeko bertsioaren kaleratze data zehaztu du Iron Gate Studiok: martxoaren 14an kaleratuko dute Xbox Series X zein S kontsoletan.

Bikingoen girotzearekin, Valheimko lurraldeak esploratzera emango gaitu tituluak. Baliabideak biltzea, gune berriak ezagutzea nahiz borroketan parte hartzea izango dira bideojokoaren ardatzetako batzuk. Bakarka jokatzeko aukerarekin batera, multijokalaria da Valheimen muina: kooperatiboan ari gaitezke mundua zeharkatzen.

Biziraupen bideojokoak sarbide goiztiarrean jarraitzen du ordenagailuetan; hala ere, ikaragarrizko arrakasta lortu du: 2021eko otsailean kaleratu ondoren, hilabeteko epean lau milioi ale saldu zituen. Denbora luzean jarraituko du early access-ean, baita Xboxen ere. Zorionez, ezaugarri interesgarriekin iritsiko da kontsoletara: plataforma arteko jokoa (crossplay) agindu dute garatzaileek.

Gainera, Game Pass bidez jokatzeko aukera ere izango dute Xboxekoek. Ez da harritzekoa, PCko bertsioa dagoeneko Xboxen harpidetza zerbitzuan eskaintzen baita.

Estreinatu zenetik eguneraketa txikiak zein eduki mordoa gaineratu dituen espantsioa jaso ditu Valheimek. Joan den urte bukaeran estreinatu zuten bioma berria gehitzen zuen Mistlands DLC-a; orain, Ashlands espantsioan lanean dabiltza, baina luzerako doala dirudi.

Itxaron bitartean Xboxeko jokalariek lehen aldiz Valheimen murgiltzeko aukera daukate; esan bezala, martxoaren 14an helduko da Microsoft-en kontsoletara.