Bideoak, irudiak eta datuak filtratu dituzte sarean. Beta fasean aurkitzen da.
Valve estudioak esku artean daukan proiektuetako bat ezagutu dugu azkenik. Deadlock izenarekin, heroien tiro jokoak eta MOBA generoa uztartzen dituen 3. pertsonako multijokalaria prestatzen dabiltza.
Gabe Newell-en taldeak ez du ofizialki iragarri, baina era guztietako filtrazioak eta datuak ikusten gabiltza egunotan. Esanguratsuenak gaur jazotakoak dira: beta fasean dagoen lanaren jokaldiak eta menuak ikus ditzakegu bertan.
6 vs 6 dueluak proposatuko dizkigu Deadlockek mota guztietako heroiekin: robotak, aztiak, ehiztari futuristak, izakiak edo piztiak ageri dira bideoan. Guztira 19 heroi azaltzen dira probetarako erabiltzen dabiltzan filtratutako bertsioan.
Suposatuko duzuen bezala, bakoitzak bere funtzio nagusiak zein abileziak eta ahalmenak dauzka: lau eraso berezi azaltzen dira heroien menuan, oraingoz behintzat.
DOTA edo League of Legends erreferenteekin antzekotasun handiak dituztela adierazi dute probatu dutenek, nahiz eta oinarrietako batzuk zeharo desberdinak diren. Smite ere aipatzen da inspirazio iturritzat.
Mapetatik sakabanatutako arerio arruntak zein buruzagiak garaituta dirua eskuratuko dugu —arimak, kasu honetan—, horiekin gure heroia indartzeko objektuak lortu ahal izateko.
Azkarrago mugitzeko Bioshock Infinite-n ikusitakoaren antzeko errail sistema daukagu: pertsonaiek lau errail erabiliko dituzte ziztu bizian borroka edo jazoera larrienak ematen ari diren tokira bidaiatzeko.
Informazio gehiena Gabe Follower erabiltzailearen eskutik jaso dugu egunotan; hori bai, bere aldetik filtrazioak bukatu dira. “Deadlocki buruz hitz egiteari utzi behar diot”, azaldu du Twitter bidez.
Modu horretara, Team Fortress 2 edo DOTA 2 elkartu eta Valorant zein Overwatch bezalako jokoei aurre egiteko asmoa daukate Valvekoek, aurreko jokotik guztiz aldenduz: errealitate birtualeko jokalari bakarrarentzako Half-Life Alyx da kaleratutako azken titulua —Counter-Strike 2 edo Aperture Desk Job ez baditugu kontuan hartzen—. Aurretik Artifact eta Dota Underlords argitaratu zituzten, arrakasta handirik barik.
Deadlocken lanean dabiltza bitartean, itxaron egin beharko dugu: Valvek bere denbora hartu ohi du proiektuak txukuntzerakoan, beraz garapen prozesua luzerako joan daiteke.
Iruzkinak