Bandai Namco, Capcom edota ZeniMax bezalako enpresei batasunaren baitan aurkitzen diren herrialdeen araberako debekuak ezartzea egotzi zaie.
Steam plataformaren jabea den Valveri eta PCko bideo-jokoak argitaratzen dituzten beste bost enpresari 7,8 milioi eurotako isuna jarri die Europako Batzordeak. Argitaratutako prentsa oharrean adierazi duenez, “Europar Batasuneko uste onen arauak haustea” leporatzen zaie argitaratzaile horiei.
PCko hainbat bideo-jokoren salmentak “herrialdeen arabera mugatu” dituztela azaldu du batzordeak. Hori horrela, geo-blocking praktikak gauzatu dituztela uste dute: batasuneko herrialde batetik beste herrialde bateko saltoki digitalean erostea mugatu izana salatzen du batzordeak.
Zehazki, Bandai Namco, Capcom, Focus Home, Koch Media eta ZeniMax argitaratzaileei ezarritako isuna sei milioi ingurukoa izan da; isuna murriztea erabaki du batzordeak enpresa horiek erakundeari eskainitako laguntzaren truke. Valvek, bestalde, ez zuen laguntza hori eskaini: 1,6 milioi euroko isuna jaso du ondorioz.
Argitaratzailea | Murrizketa | Isuna |
Bandai Namco | %10 | 340.000 euro |
Capcom | %15 | 396.000 euro |
Focus Home | %10 | 2.888.000 euro |
Koch Media | %10 | 977.000 euro |
ZeniMax | %10 | 1.664.000 euro |
Margrethe Vestager Europar Batzordeko presidenteorde exekutiboak adierazi duenez, “isun hauek geo-blocking praktikak gauzatu dituzten Valveri eta PCko bideo-jokoak argitaratzen dituzten beste bost enpresei Europar Batasunaren baitan herrialdeen arteko salmentak debekatzea legearen aurkakoa dela gogorarazteko balio dute”.
Era horretako jardunbideek europar kontsumitzaileei “batasuneko merkatu bakarraren onurak galarazten dizkietela” uste du Vestagerrek, “batasunaren baitan aurkitzeke eskaintzarik onena hautatzeko modua eragotzita”.
Bideo-jokoen kodeak ere aipatu ditu presidenteordeak. Valvek jokoen argitaratzaileei jokoak Steamen aktibatzeko kode horiek sortzerako orduan “herrialdeko kontrola” eskaintzen dizkiela dio Vestagerrek debeku geografiak eraginda.
Ordaindu beharreko zenbatekoak are handiagoak izan daitezke: debekuaren ondorioak jasan dituzten erabiltzaileek salaketak ere aurkeztu ditzakete.
Valven erantzuna.
Valvek Europar Batzordearen erabakiari erantzuna eman dio. Eurogamer webgunean adierazi dutenez, “kexa aurkezteko asmoa” dute, ez baitaude ados hartutako erabakiarekin. Valve “batzordearekin elkarlanean” aritu dela azaldu dute zazpi urte iraun dituen ikerketan. Herrialdeen araberako debekuak argitaratzaileen eskariengatik ezarri direla diote, eta joko zehatz batzuetan soilik ahalbidetu dituztela: Steameko jokoen %3an baino ez, zehazki.
Horrez gain, 2015etik debeku horiek ez direla gauzatu aldarrikatu dute, herrialdeek dituzten edukiei buruzko arauengatik izan ez bada. “Herrialdeen araberako debekuak ezartzerakoan argitaratzaileek produktuen prezioak igo dituzte oparotasun gutxien duten herrialdeetan”, nabarmendu dute.
Iruzkinak