Haurren eta nerabeen artean duten arrakastak dakartzan arriskuak nabarmendu ditu Letitia James estatuko fiskal nagusiak.
Valvek salaketa berria jaso du, oraingoan, New Yorkeko estatuaren eskutik. Counter-Strike 2, Team Fortress 2 edo Dota 2 bezalako jokoetan eskaintzen dituzten sari kutxak apustuari lotuta daudela aldarrikatzen du Letitia James estatuko fiskal nagusiak.
“Funtsean, jokoa” dela dio fiskalak txostenean, sari kutxen bidez lortzen diren armen, txapelen edo itxuren balio aldakorra azpimarratuta; hauetako gehienek zentimoak balio dituzten bitartean, aurkitzeko zailak diren objektu batzuek ikaragarrizko balioa izan dezakete Steam plataformako merkatuan.
Counter-Strike 2 da diru gehien mugitzen duen titulua, eta bertako armarik bitxieneko sekulako prezioak izatera irits daitezke. 400.000 dolarretan saldutako AK-47 bereziena da merkatu digitalean emandako salerosketarik garestiena.
Salerosketekin eskuratutako dirua Steam plataformak soilik erabil daiteke; halere, hainbat gako daude horri inguratzen. Steameko diru zorroan daukagun dirua ezin daiteke atera, baina, erosterakoan, benetako dirua erabiltzeko aukera dago.

Are gehiago, Steam hardware —Steam Deck-a, une honetan, baina Steam Machine, Frame eta Controller gailuak gehituko zaizkio aurten— sorta diru zorroko moneta digitalarekin eros daitekeenez, hainbat fronte irekitzen direla aipatzen da salaketan. Laburbilduz, erabiltzaileek hardwarea sari kutxetako objektuen salerosketarekin bereganatzeko aukera daukate, ondoren, gailuok fisikoan saltzea ahalbidetuz.
Diru birtuala ez da Steameko merkatura mugatzen, bukatzeko: hirugarrenen webguneetan sari kutxetako zein Steameko beste edukietako produktu digitalen salerosketak ematen dira, normalean, are prezio altuagoetan.
Laburbilduz, salerosketok batez ere haurren eta nerabeen artean eragiten dituzten arazoak eta arriskuak nabarmendu ditu fiskalak. Kasinoetako eta txanpon makinetako erakarpen psikologiko berberak erabiltzen dituzte sari kutxek, arrakasta eta sari aldakorrekin jokatzen eta kutxak lortzen saiatzera eramanda.
Bideojokoen industrian aurrekariak ezartzea da, itxura batean, fiskal nagusiak bilatzen duena. Izan ere, praktikok ez dira Steam plataformara mugatzen: antzeko kasuak ageri dira EA Sports FC, Fortnite edo sari kutxak eskaintzen dituzten beste hainbat bideojoko arrakastatsuetan. Valven aurkako salaketa irabaziz gero, gainerakoen aurka egiteko bidea irekiko litzateke.
New Yorketik iritsitakoa ez da Steamek egunotan jaso duen salaketa esanguratsu bakarra:‘Steam You Owe Us’ taldeak 656 milioi libra eskatzen dizkio, monopolio joerekin gailentzen saiatzeagatik.
Lander Unzueta
Iruzkinak