Eskuko gailu berria, errealitate birtualeko betaurrekoak, edo besterik gabe, soinu txip berria egon daitezke berritasunen atzean.

Linuxen kernel-aren 6.6 eguneraketak Steam Deckaren erabiltzaileen begirada guztiak erakarri ditu. Phoronix webgunean zabaldu dutenez, Jupiter gailuak —hau da, Deckak— Sephiroth eta Galileo deitutako produktuak gehitu ditu. Eskuko PC-aren bertsio edo adabaki berriak ote?

Izenek alarma guztiak piztu dituzte. Jatorrizko Deckaren prozesamendu azeleratuko unitateak (APU) Van Gogh txip sistema eta Aerith txipa dauzka barnean; izenek filtratutakoekin harremana dutela ikusita (Final Fantasy VIIri egindako keinuak ditugu hor), zerbait garrantzitsua izan daiteke.

Edo ez, eta eguneraketa txikien aurrean gaude. Deckaren erabiltzaileek hainbat ideia proposatu dituzte dagoeneko: gailuaren eraberritze handia izan beharrean, agian aldaketa txikietara mugatzen dira, esaterako.

Hori datorren SteamOS 3.5 software eguneraketarekin lotuta egon daiteke. Berrizte tasa aldakorra gehituko du, besteak beste; zoritxarrez, oraingo Deckaren pantailak ez du ezaugarri honentzako euskarririk, beraz kanpoko pantailetara mugatuta egon liteke… edo pantaila berria dakarren modeloa ikus dezakegu, Switch-arekin gertatu zen modura.

Pantailei lotuta, kernelean agertutakoek agian errealitate birtualeko gailu berria aurreratu dutela diote batzuek. Aspalditik zabaldutako zurrumurruek Valvekoak Index betaurrekoen oinordekoak prestatzen dabiltzala aipatzen dute.

Auskalo, beraz, zer dagoen Galileo eta Sephiroth hauen atzean. Steam Decka 2022ko otsailean kaleratu zen ofizialki; arrakasta esanguratsua eduki duen arren, erabiltzaileen kexa nagusiak pantailari edo bateriari lotutakoak izan dira.

Hortaz, ez zen harritzekoa izango hardware aldaketa txikiak inplementatzen joatea modelo berriekin, Deck bertsio guztiz berria prestatu beharrean.

 

PlayStation aginteen erabiltzaileak, gora

Bitartean, Gabe Newell-en taldekoek Deckarentzako software eguneraketak argitaratzen jarraitzen dute. Adar nagusiek adabakiak noiz behinka jasotzen dituzten arren, beta adarretako erabiltzaileek ia astero ikusten dituzte berritasunak.

Azkena Steam osoko erabiltzaileei zuzendutakoa da. Oraindik aurrera garatzaileek euren jokoek PlayStation aginteentzako euskarria duten adieraz dezakete: tituluen fitxetan DualShock nahiz DualSense mandoak aipatuko dira.

Euskarri natiboa zein Steamworks bidezkoa nabarmentzen dute Steameko arduradunek. Horrela, ezaugarri desberdinak funtzionarazteaz gain, PlayStationen aginteetako ikurrak agertzea ere bermatu beharko dute horrela adierazten duten jokoek.

Geroz eta ohikoagoa da ordenagailuko jokalariek aginteak erabiltzea. 2017tik 87 milioi izan dira Steameko tituluetan mandoarekin jokatu dutenak.

PlayStation mandoei dagokienez, Valvekoen arabera erabiltzaileen kopuruak gorakada nabarmena jasan du azken urteotan. 2018an agintearekin jokatutako partiden % 11 baino ez zuten osatzen; gaur egun, ordea, mandoen erabiltzaileen % 27 aritzen da DualShock edo DualSense gailuekin.