Fremont izeneko gailua Deckard VR kasko eta Ibex aginte berriekin batera iragartzeko aukera legokeela uste dute zaletuek.

Steam Machine gailuaren berpizkundea ikus dezakegula aurreratu digute Valven zaleek. Hau da: Steamen arduradunak kontsola formatua duen PC osoa prestatzen ariko lirateke.

Ohi bezala, zurrumurruak eta filtrazioak Steam plataformaren bezeroaren zein Deck-aren kernel-aren kodetik datoz. Valve Fremont izena aurkitu dute erabiltzaileek: gailuaren erreferentzien artean berezko firmwarea edukiko duela ikus daiteke. F7 kode izena erabiltzen du Deckaren familiak: hardware berriarena F7F deitzen da.

Ez hori bakarrik, Quanta Computer Steam Deck-aren fabrikatzailea gailu berriaren inguruko feedbacka ematen omen ari zaio Valveko lantaldeari. PCaren formatuari dagokionez, “tamaina handiko HDMI Type-A sarrera” duela aipatzen du Brad Lynch jarratzaileak; alegia, “telebistara bideratutako kontsolek eta bestelako mahaigaineko PCek” erabiltzen dituzten sarrerak.

Garatzaileek probak egiterakoan edo prototipoa sortzerakoan erabilitako plakaren izena ere ezagutu dugu: AMDren Lilac erabiltzen dabiltza oraingoz. Ziurrenik ez da bukatutako produktuaren plaka berbera izango, baina bilatzen dabiltzan errendimenduari buruzko ideia orokorra eskaintzeko balio digu: Geekbench-en 66.807 puntu ditu, Deckak 15.000 puntu inguru lortzen dituen bitartean.

Are gehiago, Lilac ez da plaka erabilia edo ezaguna, baina, Tom’s Hardware webgunearen arabera, ez litzateke eskuko gailuentzat aproposa izango.

Hortaz, zurrumurru eta datu guztiek bide beretik doaz: mahaigaineko PC txikia prestatu nahian dabiltza Valvetik. Ez dirudi gama altueneko PCrik indartsuenen parean egoterik nahi dutenik; horren ordez, sarrera gamako APUa daraman ordenagailua ikusiko genuke… orain ia hamar urte Steam Machinekin ikusi genuen antzeko zerbait, beraz.

 

Hamar urte Steam Machinetatik

Hori izan daiteke Gabe Newell-en taldearen asmoa: Steam Machine originalen eta Steam OS sistema eragilearen hamargarren urteurrena ospatzeko belaunaldi berriko gailua merkaturatzea.

Porrot hutsa. Horrela deskriba daiteke SMen patua. Oraindik behar bezala garatu gabeko sistema eragilearekin, hainbat fabrikatzailek SteamOS zeramaten PCak prestatu zituzten: Alienware, Gigabyte, Zotac eta beste hainbat ikusi genituen euren gailuak merkaturatzen. Garai hartan ez zen Proton existitzen, beraz, Valvek PCko jokoen garatzaileei euren jokoen GNU/Linux-eko port-ak sortzeko eskatu zien. Ez dago esan beharrik, ez genituen askorik ikusi.

Ia hamarkada baten ondoren, baina, egoera guztiz aldatu da. SteamOS 3rekin eta Valvek abiatutako Protonekin Windows-eko bideojokoak GNU/Linuxen modu egokian jokatzeko sistema asmatu dute. Steam Deckaren arrakasta horren adierazle ezin hobea da, eta, ziurrenik, Steam Machinekin berriz ausartzeko arrazoi nagusia.

Areago, oraingoan Valvek berak ekoiztutako Steam Machinea ikusiko dugula aurreratzen digute zurrumurruek. Deckarekin hasitako ibilbideari ekiten badiote, prezio lehiakorrean argitaratzen den gailu erakargarria prestatuko dutela pentsa dezakegu; izan ere, Steam Machine originalen ezaugarriak zein prezioak akats larria suposatu zuten hauen biziraupenerako.

Steam Machinearekin batera aginte berria ere jasoko genuke: orain egun batzuk Ibex izeneko gailua ezagutu genuen antzeko filtrazioaren bidez. Steam Controller-aren eguneratutako bertsioa izango litzateke, eta, ez hori bakarrik, render-ak eta guzti ikusi ditugu.

 

SteamOS, denontzat azkenik?

SteamOSen egungo 3.0 bertsioa iragarri zutenean, edonon instalatzea posible izango zela adierazi duten Valvetik. Ez da horrela oraindik, baina laster hori aldatuko dela dirudi —berriz, urtebetetzean?—.

SteamDB webgunean Steamen marka irudia erabiltzeko eguneratutako jarraibideak aurkitu dituzte. Aldaketa ugari ageri dira bertan: interesgarriena, “SteamOS bidez indartua” (SteamOS powered) logoa.

Irudiaren aurkikuntzak SteamOS publiko egingo dutela, edo, behintzat, hirugarrenen enpresei eskaintzen hasiko direla adierazten du. Gaur egun eskuko PC desberdinek hartutako indarra ikusita, marka handiek Windows alboratu, eta Steamen GNU/Linux bidezko sistema eragilea erabiltzen hastea litzateke aukera nagusia.

 

Errealitate birtualaz ahaztu gabe

Aipatutako guztia gutxi balitz, Steametik errealitate birtuala indartzen jarraitzeko asmoa duela ere agertu da berriz filtrazioetan.

Aspalditik genekien Valve VR kasko berriak prestatzen ari dela, baina informazio gehiago jaso dugu egunotan. Deckard izeneko errealitate birtualeko kaskoen aginteak ezagutu ditugu. Roy kode izenarekin, ohiko botoiekin helduko dira: gurutzeta, ABXY botoiak, kolpekariak eta atzealdeko botoiak edukiko dituzte, baita lotuta egoteko uhala ere. Eta, beste behin, renderra ikusteko aukera daukagu:

3D antzeztoki (3D Theater) aukera berriarekin helduko lirateke: VR gabeko jokoak 3D efektuarekin jokatzeko aukera eskainiko lukeen ezaugarria. Hori horrela, VR gailuaren aginteei mando arrunten botoi guztiak kokatu dizkiete, edozein joko motatan aritzeko aukera inplementatuz.

Zurrumurru ugari, ikusten duzuenez. Oraingoz ezin dezakegu aipatutakoak benetan ikusiko ditugunik baieztatu, baina informazioaren gehiengoa Valvekoen kodean aurkitutakoa dela kontuan hartuta, aukera asko ditugu ikusitakoak egiazkoak izateko.

Oraingoz, eguna idatzi agendan: Steam Machine zein SteamOS originalak 2015eko azaroaren 10ean kaleratu ziren. Hamargarren urteurrenaren zain egon beharko gara.

 

Bitartean, markak hausten

Steamen gorakada ukaezina da. Pandemia garaian marka guztiak hautsi zituen… baina gaur egun ere bide beretik jarraitzen dute. Aldibereko erabiltzaile aktiboen marka berria eskuratu du plataformak: 39.205.447 jokalari elkartu dira igandean.

Gehienak jokoetan sartu barik, hori bai: une horretan 12.090.013 ziren Steameko milaka joko desberdinetan murgilduta zebiltzanak.

Zifra ikaragarriak Valventzat. Bideojokoen industriak ordenagailuetan daukan indarraren erakusle argia, inolako zalantzarik gabe. Enpresa handiak ere horri begira dabiltza aspalditik; horrela, PlayStation, Microsoft zein beste marka handi asko euren jokoak Steamera eramaten dabiltza. Alde egin zutenak ere itzuli dira: azkena, Ubisoft izan da.