Vampire Survivors-en roguelike karta jokoa da. Android eta iOS bertsioak prestatuko ditu ondoren.

poncle sortzaileak Vampire Crawlers: The Turbo Wildcard from Vampire Survivors-en kaleratze data zehaztu du: apirilaren 21ean kaleratuko du PC, PlayStation 5, Xbox Series zein Switch gailuetan.

Izenak dioen bezalaxe, Vampire Survivors unibertsoan girotzen den karta jokoa prestatzen ari da indie garatzailea. Proposamen zeharo desberdina dakar, beraz: lehen pertsonan ziegak eta bestelakoak zeharkatu beharko ditugu, lauki sarez osatutako inguruneak gaindituta, karta bidezko borroketan parte hartuta.

Txandakako dueluetan erabiltzen ditugun karten ordena kontuan hartu beharko dugu konbo hilgarriak jaurtitzeko; horrela, hurrengo karten indarrak eta ahalmenak indartuko ditugu. Solairuetatik behera egin ahala arerio indartsuagoei eta arrisku handiagoei aurre egitea tokatuko zaigu.

Esperientzia bildu ahala, mailaz igo, eta karta berriak desblokeatuko ditugu. Egileak dioenez, gure erritmora jokatzeko aukera eskaintzea da bere helburua.

Gailu nagusietara iritsiko da lehenik eta behin, baina mugikorretarako bertsioak prestatzeko asmoa ere aurreratu du indie garatzaileak: Android zein iOS gailuetan jokatuko dugu etorkizunean.

Demoa proba dezakegu ordenagailuan, eta, egia esan, zale mordoa erakartzea lortu du erakutsitako maila handiari esker. Apirilaren 21ean obra ikaragarria utzi diezakiguke ponclek —merkea, gainera, 10 eurotan estreinatuko baita—: Surivorsekin ekarritako iraultzaren ondoren, Vampire Crawlers jarraitu beharreko lana da, argi dagoenez.