Ziegak gainditzera eramango gaitu txandakako borroken bitartez. 2026 erdialdean argitaratzeko asmoa aipatzen du egileak.

Vampire Survivors sortzeaz arduratu den poncle garatzaileak spin-off titulua aurkeztu du. Vampire Crawlers: The Turbo Wildcard from Vampire Survivors izenpean, karta sortak eratzera eramango ditu jokalariak.

Aurkezpena garatzaileak horren gogoko dituen umorez betetako bideoarekin ikusi dugu. Castlevania zaharrak omentzen dituen pixel art estetika berreskuratzen bada ere, aldaketa ugari dakartza bideojoko berriak.

Deckbuilder azpigenerora jauzi eginda, VSrekin asmatutako mekanikak eta ideiak hartzea da ponclen asmoa. Mapa zabalak lehen pertsonako ikuspegian esploratzea, mailaz igotzea eta ehundaka arerio akabatzea izango dira helburu nagusiak.

Gure karta sortako edukien mana edo magia maila ordenean jokatu beharko dugu; horrela, konboak jaurtiko ditugu, aldi berean, hurrengo karten indarra areagotuz. Partidetan lortutako esperientziarekin karta berriak desblokeatuko dugu, aukerak biderkatuz. Nola ez, ohiko Vampire Survivorseko altxor kutxak irekita, gure kartak indartuko dira, eta armen eboluzioak ere itzuliko dira Vampire Crawlersen.

Ziegetan barneratuta, arerioen nahiz buruzagien aurka egiteko unea izango da; hala eta guztiz ere, helburu nagusia hurrengo solairura jaisteko pala lortzea da.

Egileek diotenez, VS horren erakargarria egin duten ustekabeko ideiak eta gakoak errepikatzea da taldearen asmoa. Partida bizkorrak eta motzak, zein estrategiaz betetako duelu luzeak ikusiko ditugu, jokalariak bilatzen duenaren araberakoak.

Data zehatzik gabe, Vampire Crawlers: The Turbo Wildcard from Vampire Survivors 2026 erdialdean kaleratuko dutela aurreratu du ponclek. Plataforma guztietarako prestatzen dabiltza: PCan, PlayStation, Nintendo zein Xbox kontsoletan eta Android nahiz iOS mugikorretan jokatu ahalko dugu.