Poncle garatzaile italiarrak behin betiko eguneraketa agindu du dozenaka eguneraketaren ostean bere joko arrakastatsuarentzat.
Vampire Survivors izan da, inolako zalantzarik gabe, bideojokoen industriak azken hilabetetotan eskaini digun ezustekorik handiena. Arkade estiloko roguelike honek milaka jokalari harrapatzea lortu du; ez da makala, oraindik sarbide goiztiarrean aurkitzen dela kontuan hartuta. Hori laster bukatuko da, baina: Poncle arduradunak hurrengo adabakia handiarekin 1.0 bertsiora iritsiko dela ezagutarazi du.
Behin betiko bertsioak ekarriko dituen berritasunak zehaztu gabe utzi ditu, zoritxarrez; izan ere, berria 0.11.2 adabakiaren argitalpenarekin eman du. Hau izango da sarbide goiztiarreko azken bertsioa.
Zuzenketa txikiak eta oreka aldaketak dakartza, hain zuzen ere, eguneraketa honek. Sprite berriren bat edo beste gehitzen du, baita Christine pertsonaiarentzako azala ere.
Eguneraketa txikia izango da, baina aurretik sarbide goiztiarrean Ponclek egindako lan guztia nabarmendu beharra dago: ia-ia astero dozenaka berritasun gaineratu dituzten eguneraketak kaleratzen ibili da, joko txikia edukiz josita. Pertsonaiak, mailak, armak, ezaugarriak, musika eta askoz gehiago jaso ditu Vampire Survivorsek azken asteetan; aurreko adabakiak, 0.11.0-ak, aztikeriak gehitu ditu, besteak beste.
Tituluak 3 euro baino gutxiago balio dituela kontuan hartuz gero, argi dago jokalariek horrenbeste maite izateko arrazoia. Jokagarritasun ziklo sinplea zein dibertigarria proposatzen digu bideojokoak: banpiro ehiztari baten rola hartuta ehundaka arerio akatuko ditugu gehienez ordu erdiko iraupena duten partida zirraragarrietan.
Hori egiteko armak zein objektuak biltzea ezinbestekoa izango da: errondak aurrera egin ahala geroz eta hilgarriagoak eta handiagoak bilakatuko dira gure erasoak hobekuntza hauei esker.
Ikusteko dago sarbide goiztiarra uzterakoan prezioak gora egingo duen: ohiko praktika izaten da halako estiloko bideojokoetan. Momentuz, Vampire Survivors Steam bidez eros daiteke bakarrik; horrez gain, Poncleren Itch.io webgunean dagoen doako proba joka daiteke.
Iruzkinak