Behin betiko bertsioan gaineratuko dituzten berritasunak ezustekoak izatea nahi du Poncle arduradunak.
Vampire Survivors, bideojokoen 2021eko ezustekorik handiena, 1.0 bertsiora helduko da urriaren 20an. Horrela iragarri du Luca Galante “Poncle” garatzaile independente italiarrak jokoaren Steam-eko orrialdean.
Bideojokoak gatibatutakoek ondo dakite zenbat eduki jaso dituen azken urtean. Eguneraketak etengabekoak izan dira; horren ondorioz, Ponclek hasiera batean 1.0 bertsiorako buruan zeukan plangintza guztia dagoeneko prestatu eta argitaratu duela adierazi du.
Hala ere, horrek ez du esan nahi ideiarik gabe geratu dela: behin betiko bertsioak ekarriko dituen berritasunak jokalarientzat ezustekoak izatea nahi du, baina. “Dena ondo badoa, jokalari mota guztientzako zerbait eskainiko du”.
Bihartik aurrera aurrerapentxoak eskaintzen hasiko da. Egunean behin zerbait berria iragarriko du Discord bidez: batzuetan bitxikeria txikia baino ez da izango, baina ustekabeko handiak ere eskainiko dituela dio tituluaren arduradunak.
Ezaugarri berri nagusienak isilpean mantendu arren, bestelako zuzenketak eta hobekuntzak aditzera eman ditu Ponclek. Objektu batzuen oreka lanak egiten ari da, indartsuegiak direla adierazita —Santa Water/La Borra aipatzen ditu—.
Horrez gain, lorpenak desblokeatzeko baldintzak aldatuko direla dio garatzaileak. Dagoeneko lortu dituzten jokalariek horiek mantentzen jarraituko dute. Bestalde, lorpen eta garaikur berriak ere jasoko ditu Vampire Survivorsek.
Bideojokoaren motor berria ere aipatzen da sarreran. Urte bukaerarako prest edukitzea aurreikusten dute; bideojoko berbera errendimendu hobeagorekin eta gailu gehiagorentzako euskarriarekin eskaintzea bilatzen da berritasun horrekin. Momentuz, hainbat arazo identifikatu dituzte: Linux sistema eragileentzako euskarria, hodeian gordetako partidak, aginteekin arazoak eta bestelakoak aipatzen dira.
Hori bai, oraingo Electron motorearekin pozik dabiltzatenak berdin jarraitzeko aukera edukiko dutela azpimarratu du sortzaileak.
Bukatzeko, 1.0 bertsioa argitaratu osteko helburuak azpimarratu ditu Ponclek. “Vampire Survivors ez da hemen bukatuko, eta askoz ere ezusteko gehiago prestatzen gabiltza. ASKOZ GEHIAGO”.
Vampire Survivors ordenagailuetan bakarrik eskura daiteke momentuz; hala ere, etorkizunean plataforma gehiagotara iristea espero da. Esan bezala, urriaren 20an jasoko du 1.0 bertsioa.
Iruzkinak