Ordainpekoa izango da, eta girotze japoniarra gehituko dio Poncle garatzailearen roguelike titulu arrakastatsuari.

Urteko ezustekorik handiena izan da, inolako dudarik gabe, Vampire SurvivorsPoncle sortzaile italiarraren obrak azpigenero berria sortu, eta milioika jokalari erakartzea lortu du. Urrian 1.0 bertsioa argitaratu ondoren, lehen eduki gehigarri handia izango dena iragarri du garatzaileak: Legacy of the Moonspell deituko da, eta abenduaren 15ean kaleratuko du.

Ordainpeko espantsioa izango dela baieztatu du Ponclek: 2 euroko prezioan argitaratuko da. Hori horrela, ekarriko duen eduki kopurua esanguratsua izango da.

 

Pertsonaiak, armak eta mapak

DLC-ak girotze japoniarra gaineratuko dio banpiro ehiztarien abenturari. Moonspell izeneko klana izango da protagonista: zortzi pertsonai berrietatik hiru familia horretakoak izango direla jakitera eman du arduradunak.

Are garrantzitsuagoak izango dira horiekin batera etorriko diren hamahiru arma berriak. Silver Wind, Four Seasons, Summon Night eta Mirage Robe aurkeztu ditu momentuz, besteak beste, eta benetan interesgarriak izango direla dirudi.

Bukatzeko, kokaleku berria ere bisitatuko dugu: Moonspell mendia. “Orain arteko mailarik handiena” izango dela aurreratu du Ponclek. Girotze desberdinak, arerio propioak eta erronkak nahiz misterioak bilduko dira bertan. Etsaien aldetik, yokai japoniar deabruen aurka ariko gara oraingoan. Banpirorik ikusiko ote dugu behingoz?

Vampire Survivorsen helburua bizirik irautea da. Pertsonai bat hautatuta ehundaka etsairen aurka egingo dugu partida bakoitzean: objektuak eta armak batu, eta hauek mailaz igonda sekulako sarraskiak eragingo ditugu arerioen armadaren artean.

Jokagarritasun sinplearekin baina erakargarriarekin, roguelike mekanikak ere gehitzen ditu, partidak bukatzerakoan gure pertsonaiak hobetzeko elementuak desblokeatzeko aukera eskainita.

 

Ordainpeko etorkizuna?

Ia urtebete sarbide goiztiarrean eman du Vampire Survivorsek, eta epe horretan dozenaka eduki gehigarri gaineratu dira, doan. Garai hori bukatu dela suposa daiteke, eta etorkizunean jasoko dituen berritasunak ordainpekoak izango direla: bideojokoaren prezio baxua ikusita, ez zen harritzekoa izango.

Bitartean, bestelako ezaugarriak inplementatzeko lanean jarraitzen du Ponclek. Esate baterako, motor grafikoa zaharberrituko zuela agindu zuen, modu horretara izozteak eta arazoak konpontzeko baliabideak eskainita.

Bideojokoari buruz luze eta sakon hitz egin genuen Naiz Irratiko saioan. Hemen entzun dezakezu: