“Jokalari gehiagok ez du jokoa errazagoa egingo… ala bai?”, dio Poncle egileak. Ez da joko gurutzaturik egongo, oraingoz behintzat.
Vampire Survivors geldiezinak ezaugarri eta eduki berriak gaineratzen jarraitzen du. 1.14 adabakiak jokalariak aspalditik eskatzen dabiltzan aukera inplementatuko du: lagunekin online kooperatiboan aritzea.
Trailer motzarekin baina guztiz zoroarekin aurkeztu du, beti bezala, Poncle egilearen taldeak. “Jokalari gehiagok ez du jokoa errazagoa egingo… ala bai?”, diote. Bakoitzak bere helburuak bete ahalko dituela dirudi, beraz, jokalari batzuk lasai batean bueltaka eta erasoka dabiltzala, beste batzuek titulu ezagunaren erronkarik zailenei heldu ahalko diete.
Lau jokalari ibil daitezke batera online kooperatiboan, aurretik magien eta erasoen jaialdia zena are kaotikoago bilakatuz. Ordainpeko DLCan kasuan, taldeko jokalari batek eduki gehigarriren bat badauka, besteek ere probatu ahalko dute, nahiz eta erosi gabe izan.
Online kooperatiboaren probaldia abuztu bukaeran hasi zuten PCko bertsioan, baina, orain, plataforma guztietarako prest kaleratuko dute. Hori bai, ez dugu plataforma arteko joko gurutzaturik ikusiko: oztopo asko daudela diote egileek, funtzionalitate hau joko handienei zuzenduta dagoela adierazita, baina etorkizunean gaiari heltzeko prest agertu dira.
Tokiko multijokalariaren hurrengo pausoa da, beraz: 2023an gailu berean lau lagunekin jokatzea ahalbidetu zuten. Bideoan horri keinu egiten diote, gaur egun “inork ez duela elkarrekin jokatzen” aipatuz.
Sareko funtzionalitateak ez dira 1.14 gaurkotzeak ekarriko dituen berritasun bakarra. Bideoan ikus daitekeenez, iragarri gabeko beste lau berrikuntza ikusiko ditugu: hurrengoa aste honetan aurkeztuko omen dute.
Kaleratze data zehatzik gabe, 1.14 eguneratzeak dakarren online kooperatiboa udazkenean helduko da Vampire Survivorsera. Bideojokoa PCan, PlayStation, Nintendo zein Xbox kontsoletan eta Android nahiz iOS gailu mugikorretan eskura daiteke.
Iruzkinak