Garatzaile bakarra ari da brawler erako jokoa prestatzen.
Polygonomicon garatzaileak Varvarion deitutako akziozko borroka jokoa aurkeztu du. Bideo-jokoaren ardatz nagusia abiadura handiko eta akrobaziaz betetako ezpata dueluak izango dira.
Junya Motomura japoniarrak bere kabuz garatutako jokoa da Varvarion. Arc System Worksen lan egindakoa da garatzailea, eta zehazki Guilty Gear borroka jokoetan aritu izan da artista eta modelatzaile bezala; bistakoa da hori, Varvarionen pertsonaiak eta estilo artistikoa ikusita. Unity motor grafikoa erabilita ari da brawler erako jokoa garatzen.
Motomurak Polygonomiconen webgunean nabarmentzen duenez, bere helburua “animeetako dueluak gogora ekartzen dituzten ezpata borrokak sortzea” izan da, “batez ere akrobazia ugari dituztenak”. Trailerrean ikusi daitekeenez hainbat pertsonaien artean aukeratu ahalko da: gizakiez gain orko erraldoia dago bertan, fantasiazko mundu batean oinarrituta egongo dela argi utzita.
Jokoa aurkezteko egindako bideoan aurkari bakarraren kontrako borrokak azaltzen badira ere, dueluetan hainbat pertsonai batu ahalko direla nabarmendu du Motomurak. Arerioen erasoak saihestea gakoa izango da Varvarionen, ondoren kontraeraso latzak egin ahal izateko.
Brawlerra argitaratuko den plataformak zehaztu gabe utzi ditu japoniarrak. Varvarionen garapena luzerako doala dirudi, baina Motomurak jakitera eman duenez 2021ean indie bideojokoen ekitaldi desberdinetan jokoari buruzko berri gehiago ematea aurreikusten du.
Iruzkinak