Voxel-ez betetako doako jokoak maskota gaineko mekanikak eraberritu, arerioak gehitu eta hobekuntzak txertatu ditu azken adabakiarekin.
Minecraft, Cube World eta The Legend of Zelda: Breath of the Wild bikainak gustuko badituzu, ziurrenik Veloren interesgarria ezagutuko duzu. Kode irekiko abentura honek hazten jarraitzen du: 0.12 eguneraketak aldaketa mordoa gehitu dizkio voxelekin sortutako RPGari.
Bost hilabeteko garapen prozesuaren ostean argitaratu du Velorenen taldeak azken adabaki hau. “Erakusteko asko” daukatela nabarmentzen dute; hori horrela, berrikuntza adierazgarrienak ezagutzera emateko bideoa prestatu dute.
Nabarmendutako lehenengo ezaugarriak maskota gaineko mekanikak dira. Maskoten gainera igo eta hauekin ibiltzea posible da orain: bertan borrokak bizitzeko eta beste munduarekin interakzioak edukitzeko aukera dagoela diote. Gainera, uraren shader-ak aldatu dituzte honen itxura guztiz eraberritzeko; ur jauziak sortu dituzte, eta ibaientzako soinu berriak prestatu. Arerio eta gotorleku berriak ere ikusiko ditugu, noski.
Horiekin batera aldaketa txiki mordoa gehitu dituzte: armekin isilpean aritzea ahalbidetu dute, bururako itemak erabili daitezke, hormetatik lasterka egin… berritasunen zerrenda osoa bideojokoaren webgune ofizialean aurki daiteke.
Komunitateak elkarrekin sortutako kode irekiko proiektua da; dohaintzak eskatzen dituzte jokoa aurrera eramateko.
Veloren guztiz doan joka daiteke: abentura Windows, Mac edo Linux sistema eragileetarako jaitsi eta erabiltzailea sortu baino ez da egin behar. Online jokatzeko aukera dago gainera: lagunekin batera aritzea posible da obra honetan.
Iruzkinak