Bost hilabeteko lanaren emaitza da. Kode irekiko RPG abenturak hazten jarraitzen du komunitatearen lanari esker.
Minecraft, Cube World edo The Legend of Zelda: Breath of the Wild ezagunetako mekanikak eta ezaugarriak hartuta sortutako bideojoko berezia da Veloren. 0.13 eguneraketari esker bere edukiek eta aukerek areagotzen jarraitzen dute: zaleek osatutako garatzaile taldeak era guztietako berritasunak aurkeztu dituzte titulurako.
Armak sortzeko bide berriekin hasi dute aurkezpena; izan ere, arma modularrak gaineratu dizkiote Veloreni. Sorkuntza prozesua dinamikoagoa da orain, eta jokalariek nahi bezalako tresnak sortzeko are aukera gehiago dituzte. Antzekoa gertatzen da gure pertsonaia pertsonalizatzeko erremintekin: aukera sorta zabalagoa dugu orain eskura.
Jokoaren itxurari eta atal grafikoari lotutako berritasunak ere azpimarratu dituzte arduradunek. Hasteko, eguraldi dinamikoaz gozatuko dugu oraindik aurrera: euria, haizea zein ekaitzak azalduko dira gure partidetan, sekulako bizitasuna eskainita. Bigarrenik, mendietako labarretan girotutako herrixkak ere ikusiko ditugu, hauetan aniztasuna eskainita. Hirugarrenez, mapatik harago geratzen diren guneetan zuhaitzak bezalako elementuak gehitu dituzte; modu horretara, urrutiko kokalekuei bizitza eman nahi izan diete.
Bukatzeko, berritasunik esanguratsuena: elkar konektatutako kobazulo sistema zabalak eratu dituzte 0.13 adabakirako. Noski, horrek kobazuloen bioma ere iritsi dela esan nahi du: ikus daitekeenez, sekulako tamaina duten lurrazpiko guneak esploratzeari ekin ahalko diogu. Labazko ibaiak, kobak argiztatuko dituzten arrokak eta bestelakoak aurkituko ditugu horietan sakabanatuta.
Aipatutakoak garatzaile taldeak nabarmendu dituzten berritasunak dira. Halere, askoz ezaugarri berri gehiago prestatu dituzte: eskiatzen ariko gara, arroka mota berriak ikusiko ditugu nahiz txorien hots anitzagoak entzun. Horiek zein beste berritasunak eta hobekuntzak jokoaren Gitlab orrian zerrendatu dituzte; edukien zerrenda horren aberatsa izatea ez da harritzekoa, bost hilabeteko lanaren ondorioa baita. Otsailean kaleratutako 0.12 adabakiak, bestalde, maskota gaineko mekanikak, uraren shader-ak nahiz arerio eta gotorleku berriak gaineratu zituen.
Orain egun batzuk idatzi genuen Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (I): zeintzuk dira komunitateak garatutako kode irekiko tituluak? erreportajean hitz egin genuen Veloreni buruz. Izan ere, bideojokozaleek sortutakoa izateaz gain, kode irekiko lana ere bada. Modu horretara, komunitateak elkarlanean garatzen ditu bideojokoko ezaugarri guztiak: une honetan 20 bat kide dabiltza garapen prozesuan murgilduta, baina beste 150 bat zaleren laguntza jaso du proiektuak.
Are gehiago: abentura entretenigarri eta dibertigarri honetara jokatzea doakoa da. Horretarako biderik onena Velorenek daukan launcher ofiziala jaistea da: Airshipper. Honi esker modu errazean jokatu eta eguneratu dezakegu jokoa.
Iruzkinak