0.15 eguneratzeak berrikuntza mordoa gaineratu dizkio ARPG multijokalariari. Doan deskarga daiteke PC-rako.
Veloren bereziaren munduak hazten jarraitzen du. Azken eguneraketarekin lehen buruzagia, ziega berria eta jokoa eraldatzeko zein handitzeko mekanikak nahiz sistemak inplementatu ditu komunitateak osatutako garatzaile taldeak.
0.15 adabakian Frost Giga izotzezko erraldoia garaitu beharko dugu. Arduradunek lehenik eta behin hau bilatzeari ekin beharko diogula diote, baina: webgune ofizialean aztarnaren bat edo beste plazaratu dute jada. Hori horrela, etorkizunean etsai nagusi gehiago ikusiko ditugula suposatzekoa da.
Adlet kobazuloa da eguneratzearekin ikusiko dugun bioma berria. Kasu honetan, ziegaren aurrean gaude: bertako erronkak zein oztopoak gainditzea izango da eduki gehigarri nagusia. Zorionez, leku batetik bestera mugitzeko erraztasunak ere gehitu dituzte garatzaileek; izan ere, jokalariek ontzi hegalariak gidatzeko gaitasuna dute orain, baita NPC gidariak ere.
Jokalariak ez diren pertsonaiak aipatuta, hauek askoz biziagoak dira orain. Munduari buruz hitz egingo digute, inguruko herriak aipatuz eta hauetara iristeko bideak nabarmenduz. Gainera, biztanleak leku batetik bestera mugituko dira, zurrumurruak zabalduz.
Ez hori bakarrik, adabakiko berrikuntzarik interesgarrienetakoa ere NPCei lotuta dago modu batean. Ospe mekanikarekin gauzatzen ditugun krimenak gogoratuko dituzte gainerako pertsonaiek. Kontuz ibili lapurretekin eta hilketekin, beraz.
Aipatutako ezaugarriak dira eguneraketak gehitutako handienak, baina beste dozenaka elementu inplementatu dituzte proiektuaren arduradunek: oreka aldaketak, zuzenketak zein iraunkortasun eta konponketa sistemak, besteak beste. Berrikuntza guztiak aldaketen zerrenda ofizialean irakur daitezke.
Kode irekia, eta euskaraz
Kode irekiko proiektua da Veloren; hori horrela, bideojokoaren barrenetan sartzea posible da edonorentzat, hau eraldatzeko bideak nahiz elkarlanean jokoa handitzen aritzea erraztuta.
Aldaketon artean hizkuntzak daude, noski: Veloren euskaraz gozatzeko aukera dago Game Erauntsia Elkarteak egindako lokalizazio lanari esker. Itzulpena ofizialki inplementatuta dago bideojokoan; hau da, Velorenen aukeren atalean hizkuntzetara sartuz gero, bertan aurkituko dugu gurea.
Proiektu askea izanik, zelan ez, ez dugu ezer ordaindu beharko Velorenen jokatzen hasteko. Jokoaren webgunean sartuta, Airshipper programa deskargatzearekin nahikoa izango da voxel-ez betetako abenturei hasiera emateko.
Iruzkinak