Tony Hawk’s Pro Skater 1+2 edota Crash Bandicoot N. Sane Trilogyren garatzailea Diablo 2ren remakean ariko zen lanean.
GamesIndustry webguneak jakitera eman duenez Vicarious Visions garatzailea xurgatu du Blizzardek. Estudioa osatzen duten 200 kideak Blizzardeko langile izatera igaro dira garatzailea xurgatu ondoren, eta “dagoeneko existitzen diren Blizzardeko joko eta ekimenetan lan egingo dute”.
Hori horrela, Vicarious Visionsek bere proiektuak alde batera utzi eta World of Warcraft edota Starcraft bezalako jokoen arduradunaren obrak garatzen hasiko zen. “Vicarious Visionsekin hainbat elkarlan gauzatu eta harreman bikaina eratu ondoren, Blizzardetik epe luzerako euskarria eskaintzeko aukera zegoela ikusi genuen”, adierazi du garatzailearen arduradun batek.
Azken urteetan Vicarious Visions Tony Hawk’s Pro Skater 1+2 edota Crash Bandicoot N. Sane Trilogy moduko obra arrakastatsuak garatzeagatik egin da ezaguna. 2005. urtean Activisionek estudioa erosi zuen, baina orain arte modu independentean aritu da lanean. Xurgaketaren ondoren Vicarious Visionsekoek New Yorkeko egoitzatik jarraituko dute lanean printzipioz.
Jason Schreier kazetariak iragarri duenez estudioak dagoeneko Blizzardekin elkarlanean ariko zen hurrengo proiektua prestatzeko. Bloomberg aldizkarian argitaratu duen informazioa egia baldin bada pasa den urtetik Diablo 2ren remakea garatzen dabiltza, Diablo 2: Resurrected deitutakoa.
Iruzkinak