Borroka saga mitikoaren itzulerarekin batera Yakuza estiloko obra berria prestatzen dabiltza japoniarrak.

Ryu Ga Gotoku taldea hainbat iragarpen egitera igaro da urteko jokorik onenen ekimenetik. Yakuza sagaren arduradunek Virtua Fighter eta Project Century aurkeztu dituzte.

Borroka joko maitatuen proiektu berriari buruzko bideo motza eskaini digute. Akira protagonista nagusia ageri da bertan; bukaeran Sarah borrokalariaren aurka ikus dezakegu. RGG Studioren Dragon Engine garapen motorearekin, sekulako atal grafikoa prestatu dute VFren itzulerarako.

Zoritxarrez, ez dugu argitaratze data ezagutu, ezta baieztatutako plataformarik ere. Ez da, baina, borroka sagari lotutako berri bakarra izan. Virtua Fighter 5 R.E.V.O. bertsioa PCra iristear da: hobetutako grafikoak, eduki berriak eta rollback netcode sareko kodea prestatzen dabiltza Yakuzakoak.

Project Century ustekabeko handia izan da, bestalde. Like a Dragon edo Yakuza jokoen antzeko ibilbidea jarraitzen duen akziozko abentura dugu: 1915. urteko Japonia bisitatzeari ekingo diogu. Borroka odoltsuak, esploratzeko hiri ikaragarria eta gehiago agintzen dizkigu tituluak.

Itxaron egin beharko dugu… baina agian Yakuza sagako spin-off berria izan daiteke. Are gehiago, protagonistari aurpegia jartzen dion aktorea Kazuki Kitamura da: 2007ko Like a Dragon filmeko Kiryu Kazuma, alegia. Project Centuryk ez ditu plataformak zein data zehaztu.

Bukatzeko, 2025 hasieran beste joko bat argitaratu behar dutela gogoratu beharra dago: Like A Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii.