ALBOAN GGKEak, bere “Gatazkarik gabeko teknologia” kanpainaren barnean, Walikale on-line bideojokoa aurkeztu du, ibilbide bat proposatzen diguna planeta osoan barrena gure kontsumo-ereduaren ondorioez jabetzeko.
Telefono mugikor berri bat merkaturatu da: FakePhone 6. Mundu guztia mintzo da gailu berriaz, ezin sinetsizko prestazioak dituena: kolore berriak, pantaila handiagoa, errendimendu maximoko prozesadorea… Horraino, dena normala. Gertatzen dena da FakePhone 6 ez dela existitzen. Tira, ez behintzat era fisiko eta ukigarri batean. Produktu berri hau Walikale bideojokoaren protagonista da, eta joko horren bidez, Euskal Herriko ALBOAN GGKEak gure kontsumo-ereduak mundu osoko milioika pertsonengan dituen ondorioei buruz kontzientziatu nahi gaitu.
Bidaia Walikalen hasten da, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean. Eskualde horretako meatokietan, erdi esklabo bizi den jendeak urrea, eztainua, wolframioa eta koltana ateratzen ditu, ezinbesteko osagaiak telefono mugikorrak egiteko. Bizi eta lan baldintza gogorrak pairatzen dituzten meatzari hauei “odolezko mineralak” deitzen diete.
Narratiba eta puzzle deduktiboak uztartzen dituen joko-sistema
Abentura grafikoa eta asmamen-puzzleak konbinatzen dituzten eszenatokien bidez, jokalariek ibilbide bat egiten dute munduan barrena, urratsez urrats ikusteko nola fabrikatu eta desegiten diren telefono mugikorrak. Kongoko meatokietatik Ghanako zabortegi teknologikoetaraino, bideojoko honek aurrerapen teknologikoek ezkutatzen duten errealitatea erakusten die 11-14 urteko gazteei.
Horrela, jokoak kontsumo-eredu iraunkorragoak proposatzen ditu neurririk gabeko kontsumoaren aurrean. Erabiltzaileak, eredu horietan, gailu berri bakoitzak duen giza eta ingurumen kostuarekin kontzientziatuak dauden banakoak dira.
Walikale html5 on-line joko bat da, era guztietako gailu finko eta mugikorretarako balio duena, inolako kanpo-plugin edo deskargarik gabe. Beraz, edozein zibernautaren esku dago http://walikale.org helbidean sartzea eta jokoak proposatzen dion bidaia egitea, helburu zehatz batekin: egunero erabiltzen duen teknologia berria nondik datorren jakitea.
Iruzkinak