Roguelike mekanikekin, eraldatzeak desblokeatzen joango gara partidetan. Datorren urtean estreinatuko da.

Lur orotako gotorlekuak dira Wanderburgeko protagonistak. Randwerk estudioa garatzen ari den bideojokoan gazteluak sortzen eta gidatzen ariko gara.

Ikuspegi isometrikoarekin eta estetika koloretsuarekin, bideojoko atsegina eta dibertigarria dela ikus daiteke: steampunk erako girotzea Erdi Aroarekin elkartu dute, diseinu sinpleekin baina landuekin.

Aspalditik bogan dabiltzan roguelike mekanikekin partidei gatza eta piperra eskaintzea bilatzen dute egileek. Saio bakoitzean gurpil gaineko gaztelu txikiarekin hasiko gara: inguruneko elementuak kontsumituz, hazten joango gara, gure gotorlekua elikatuz. Zuhaitzak, ardiak, soldaduak, suntsitutako beste eraikinak… edozerk balioko digu.

Hazten gabiltzala, gazteluarentzako moduluak desblokeatuko eta kokatuko ditugu. Arkularien dorreak, aztientzako txokoak edo kanoiak askotariko armak lor ditzakegu. Horrez gain, gaztelua funtzionamenduan mantentzeaz arduratuko diren kapitainak eta langileak kudeatzea ezinbestekoa da.

Beharrezkoak izango dira, bizirautea ez baita erraza izango: denborak aurrera egin ahala, erronka zailtzen joango da, geroz eta arerio indartsuagoak azalduz, pantaila erdi betetzera iritsiko diren buruzagiak barne. Era batean, Vampire Survivors bezalakoen ideia hartzen du Wanderburgek.

2026an ikusiko dugu, dena ondo badoa: Wanderburg PCrako iragarri dute oraingoz.